Lazkaoko Udalak eta Maizpide euskaltegiak euskara ikasteko edo euskararen ezagutzan sakontzeko aukera eskainiko dute herrian, hurrengo ikasturtean. Ikastaroak hiru taldetan antolatuko dira, ikasleen hasierako mailaren arabera: A1 (hasiberrientzat), A2-B1 eta B2-C1. Eskolak astelehenetik ostegunera emango dira, 14:30etik 16:00etara, euskaltegian bertan.
Ikastaroaren prezioa 300 eurokoa izango da Euskara Bonua eskatzeko aukerarik ez dutenentzat. Bonu horren bidez, ikasleek euskara ikasteko ordu-poltsa eskura dezakete 120 euroren truke, B1A2 azpimailara iritsi arte. Ordu-kopurua ikasle bakoitzaren hasierako mailaren araberakoa izango da, eta bonua A0 eta B1A2 bitarteko mailetarako bakarrik baliagarria da.
Bestalde, Lazkaoko Udalak dirulaguntzak eskaintzen dizkie herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonei. Ikastaroak doakoak izango dira ikasleentzat eta langabeentzat; gainerako kasuetan, laguntzaren zenbatekoa norberaren eta familia-unitatearen diru-sarreren arabera zehaztuko da. Izena eman nahi dutenek Maizpideren izen-emate inprimakia bete dezakete, eta zalantzak argitzeko 943 88 92 31 telefonora deitu edo www.maizpide.eus webgunea kontsultatu.




