Leire Artola alkateak gidatutako topaketan, Beasaingo Euskara Plana eta tokiko esperientziak ezagutzeaz gain, hizkuntza gutxituak biziberritzeko praktika eta erronkak trukatu dituzte bertaratutakoek. Ekitaldiak ordubete inguru iraun du, eta bi aldeetako gogoetak eta babes-sareak indartzeko aukera eman die parte-hartzaileei.
Harreran, parte-hartzaileen aurkezpen bideoa ikusi ondoren, alkateak Udalak euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko garatzen dituen plangintzen berri eman du. Beasaingo Udalak hizkuntza plan propioa du herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, gizarte-kohesioa indartzea eta hizkuntza-aniztasuna aitortzea helburu duena. Gainera, udal aurrekontuaren % 5,32 hizkuntza-politikara bideratzen dela gogorarazi du.
Aditu programa, Garabide Elkartearen nazioarteko prestakuntza-programa aitzindaria da, eta aurten bere laugarren edizioa betetzen du. Programa honen bidez, 11 hizkuntza-aktibistak hilabete eta erdiko egonaldia egiten ari dira Euskal Herrian (irailaren 18tik urriaren 29ra), euskal soziolinguistikan eta biziberritze-estrategietan aditu diren irakasleen eskutik.
Aurtengo edizioan parte hartzen ari diren 10 komunitateetako hizkuntzak dira: kitxua (Ekuador), amaziga (Maroko), guarania (Paraguay), mixea (Mexiko), Yukatango maya (Mexiko), maputxeak (Txile eta Argentina), quetxua (Bolivia), bubia (Ekuatore Ginea), kaqchikela (Guatemala) eta nasa yuwea (Kolonbia).
Beasaingo Udalaren eta Garabide Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena 2017az geroztik urtero berritzen da. Udalak garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko duen konpromisoaren baitan, hizkuntza-nortasuna komunitateen garapen kolektiboaren zutabe nagusitzat hartzen da. Horren harira, udal-aurrekontuaren % 1aren laurdena bideratzen da Garabiderekin, hizkuntza gutxituen indarberritze-prozesuak bultzatzeko.




