Legazpi, Urretxu eta Zumarragako EH Bilduk Bat Egin eguna antolatu dute ostiralerako. Ekitaldi honen helburua da bailarako estrategian sakontzea, etorkizuneko erronkak plazaratzea eta EH Bilduren komunitatea elkartzea eta saretzea. Ospakizuna Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan izango da, 18:30etik aurrera.
Aurten EH Bildu mugimenduak 15 urte betetzen ditu, eta ibilbide hori irudikatzeko, 18:30etik aurrera argazki galeria bat egongo da ikusgai plazan. Bertan, urte hauetan zehar herri zein maila nazionalean egindako ekitaldi, egitasmo, mobilizazio eta batzarren irudiak bilduko dira. "Pertsonen konpromisoan sinisten dugu, behetik gora sortu ginen mugimendua gara, eta argazki hauekin hori irudikatu nahi dugu", adierazi dute antolatzaileek.
19:00etan, ekitaldi politikoari ekingo zaio. Bertan, hiru herrietako ordezkari bana arituko da hitza hartzen, eta Nekane Zinkunegi, Gipuzkoako arduradun politikoa, izango dute lagun. Bailara honek dituen erronketan sakonduko dute, proiektu amankomunak plazaratuz eta elkarlanaren balioak azpimarratuz.
Amaitzeko, Olaia eta Amaiurren eskutik kontzertu akustiko bat eskainiko da plazan, mokadutxo batekin batera.




