Gurutze Gorriak eta Zumarragako Udalak beroari aurre egiteko neurriak hartuko dituzte

Ura, eguzkitako krema eta informazio orriak banatuko dituzte bero boladetan zaurgarrienak babesteko.

Irudi generikoa da, baina Gurutze Gorriaren ekintza bat erakusten du.
IA

Irudi generikoa da, baina Gurutze Gorriaren ekintza bat erakusten du.

Zumarragako Udala eta Gurutze Gorria elkarrekin lanean ari dira bero boladei aurre egiteko, eta horretarako ura, eguzkitako krema eta informazio orriak banatuko dituzte bero handia egiten duen egunetan.

Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Oier Mujika Gurutze Gorriko kideak prentsaurrekoa eman zuten atzo Clara Larrañaga parkeko sarreran jarritako guardasolen azpian. Bertan, bero boladei aurre egiteko ekintzak zehaztu zituzten, bereziki zaurgarrienak babesteko.
Serranok azpimarratu zuen zaurgarrienak babestu behar direla, eta alerta egoera dagoen bakoitzean nola jokatu zehaztu dutela. Gaixotasun kronikoak dituztenengana, adinekoengana eta haurrengana nola heldu azalduko da, eta Gurutze Gorriak triptikoak banatuko ditu bero boladetan zer egin azaltzeko.
Zumarragan hainbat babesleku klimatiko daudela gogorarazi zuen alkateak, besteak beste, Zelai Arizti parkea, San Isidro auzoko zubiko lorategiak, Antonino Oraako lorategiak, Legazpi dorretxeko lorategiak, Izazpi auzoko parkea eta kantxa estalia, eta Eitzagako gune berdea.
Serranok eskerrak eman zizkion Gurutze Gorriari egindako lanagatik, eta gogorarazi zuen bost kide Madrilera joan direla bertako sutean kaltetutakoei laguntzera.
Oier Mujikak Gurutze Gorriaren Bero-bero kanpaina ren berri eman zuen. Kanpaina honetan, zaurgarritasun egoeran daudenei deitzen diete nola dauden jakiteko eta laguntzeko; Zumarragan hamazazpi bizilaguni deitu diete. Horrez gain, minbiziaren aurkako elkartearekin batera, bero boladen aurrean nola jokatu eta azaleko minbizia saihesteko hitzaldia egin dute.
Alerta egoera dagoenean, kalera aterako dira eta herriko toki ezberdinetan ura eta eguzkitako krema banatuko dituzte, baita aholkuak emango ere. "Guztiok elkarrekin aurre egingo diogu egoera lazgarri honi", amaitu zuen alkateak.