LAB sindikatuak jakinarazi duenez, CAF Taldeko Europako Enpresa Batzordea apirilaren amaieran osatuko da, bi urteko negoziazioen ondoren alde guztien arteko adostasunik lortu gabe. Sindikatuak enpresaren zuzendaritzaren “itxikeria” eta CCOO sindikatuaren “interes korporatiboak lehenesteko jarrera” egotzi dizkie akordioa lortu ez izanaren arrazoi gisa.
Aitor Martinez Beasaingo LABeko ordezkariak eta Daniel Quintana CAF TEko delegatuak adierazi dutenez, batzordea gutxieneko araudi legalaren arabera eratuko da. LABek “CAF Taldeko Europako Batzordearen osaerak errealitateari dagokion pisua bermatzea” exijitu du, Euskal Herriko langileen ordezkaritza propioa onartu ez izana eta foro profesionalizatu eta baztertzaile bat sortzeko nahia salatuz.
“"2.000 langilerekin gure 5.000 langileren ordezkaritza kopuru bera hartzen dute; Euskal Herriak ez dauka errekonozimendurik."
Sindikatuak salatu duenez, CAFek 2025ean irabazi milioidunak izan dituen arren, horrek ez duela langileen lan baldintzetan islarik izan. Horregatik, zuzendaritzari eskatu dio lan baldintzak hobetzeko eta bateratzeko, taldeko enpresen arteko desberdintasunak nabarmenduz. LABen datuen arabera, CAFek 5.500 langile inguru ditu Euskal Herrian, hemezortzi enpresatan banatuta, baina lan baldintzak oso desberdinak dira, lan orduetan eta soldatetan, besteak beste.
Era berean, LABeko ordezkariek babes osoa adierazi diete Lebario, Gasteiz eta Sopelako CAF TEko langileei, greba mugagabean jarraitzen dutenei. Daniel Quintanak azpimarratu duenez, hiru astez greban egon arren, enpresak ez du langileekin harremanetan jarri, eta negoziazioak blokeatuta daude.




