Goierriko bolarien egutegia beteta dator, bi txapelketa garrantzitsu baitituzte aurrez aurre: batetik, Goierriko Bola Txapelketa, eta bestetik, Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak antolatutakoak. Larunbat honetan, apirilak 18, Mutiloako bolatokian jokatuko da Goierriko txapelketako seigarren tiraldia, goizeko 10:30ean hasita, eta arratsaldekoak 16:30ean. Igandean, berriz, Seguran izango da Gipuzkoako Kopako hirugarren tiraldia.
Goierriko txapelketa urtarrilaren 24an hasi zen Zerainen, eta zortzi tiraldiz osatuta dago. Hurrengo hitzordua Idiazabalen izango da maiatzaren 9an, eta finala Legazpin jokatuko da maiatzaren 23an. Txapelketa hau Goierriko bolarien ekimenez antolatzen da, Zerain, Segura, Gabiria, Olaberri, Zegama, Mutiloa, Idiazabal eta Legazpiko udalen laguntzarekin.
“"Lehen jende edadetuagoa zegoen bolatokietan, orain media asko jaitsi dela esango nuke."
Hasiera batean 50 bat bolari aritu ziren lehian, eta gaur egun 40 dira, horien artean Garbiñe Alustiza zeraindarra. Alustizak azaldu duenez, 33 gizon, 4 emakume eta 3 gazte ari dira parte hartzen. Gehienak goierritarrak dira, baina Donostiako bost bolari ere badaude. Alustizak adierazi duenez, finalerako hiru tiraldi geratzen diren arren, giro ona da nagusi, baina lehen postuetan mantentzea zaila da, «zortzi tiraldi asko dira eta momentu batean zerrendan goran zaude, baina egun txar bat izanez gero, bosgarren lekura jaisten zara eta oso txarra bada hamargarrenera igoal».
Gipuzkoako Kopari dagokionez, martxoaren 15ean hasi zen Idiazabalen. Lau tiraldiz osatuta dago, eta Segurakoa hirugarrena izango da igandean. Finala apirilaren 26an jokatuko da Altzan. Txapelketa honetan Gipuzkoa osoko 58 bolari ari dira parte hartzen, horietatik 11 emakumeak. Alustizak baikor agertu da bolaren etorkizunari buruz, adin-tartea gaztetu egin dela nabarmenduz: «Lehen jende edadetuagoa zegoen bolatokietan, baina orain, jada, media asko gaztetu dela esango nuke, 50-60 tarte horretan egongo da. Lehen 80 urteko jende gehiago zegoen. Kuadrillak ere hasi dira hurbiltzen gehiago».




