Beasaingo Udalak eta Guppy enpresak sustatutako auto elektriko partekatuen zerbitzuak ia urtebetean 230 alokairu eta 28.500 kilometro baino gehiago egin ditu, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua indartuz. Adur Ugartemendia alkateordeak emaitzak aurkeztu zituen atzo Donostiako Naturklima Auditoriumean egindako Gipuzkoako Energia Jardunaldietan.
Zerbitzua 2025eko apirilean jarri zen martxan Gernika pasealekuko aparkalekuan, bi ibilgailurekin (Tesla Model 3) hasi eta gaur egun lau ibilgailura (Renault Zoe berria barne) handituz. Helburua herri barruko eta herriarteko mugikortasuneko gabeziei eta intermodalitateari erantzutea izan da.
Ugartemendiak aurkeztutako datuen arabera, zerbitzua 54 erabiltzailek erabili dute, %60 errepikatuak direlarik. Guztira 230 alokairu erregistratu dira, 28.500 kilometro baino gehiago eginez. Alokairuen %76 zirkularrak izan dira (175), batez besteko distantzia 89 km eta iraupena 7 ordukoa izanik.
Zerbitzuak konexio estrategikoak ere ahalbidetu ditu, batez ere Donostiarekin eta Loiuko aireportuarekin, baita joan-etorri puntualetarako ere.
Mugikortasuna deskarbonizatzeko helburuarekin, Udalak garraio publikoaren osagarri malgua eskaintzen du, jabetzan izatearen kostu finkoak saihestuz. Gainera, lizitazio berriari esker, zerbitzua %50 merkeagoa da orain, eta euskaraz kontratatu eta erabili daitekeen lehen car sharing aplikazioa da.
Ibilgailu guztiak Gernika pasealekuko aparkaleku estrategikoan daude, tren eta autobus geltokietatik gertu, eta karga-puntuetan %100ean iturri berriztagarrietatik datorren argi-indarra erabiltzen dute.




