Arnau Elgarresta Cliville ataundarraren Ortzian hegan film laburraren aurkezpena Ataungo herri antzokian izango da, bihar, apirilaren 15ean, arratsaldeko 18:30ean. Egileak adierazi duenez, ikus-entzunezko honek Ataungo paisaien “historia bisual bat” jasotzen du, bertako osagai geologikoak nabarmenduz. Adibide gisa, Ataungo Domoa aipatu du, inguruko egitura geologiko bitxienetako bat baita.
Elgarrestak GOIERRIKO HITZA ri azaldu dionez, dokumentalaren helburu nagusia Ataungo inguruak gaur egun nolakoak diren erakustea da. Horregatik, lan minimalistak irudiak eta musika soilik erabiltzen ditu paisaiak “ondo miretsi” ahal izateko. Sortzaileak Ortzian hegan film laburra “Ataunen erromantizazioa” bezala definitu du.
“"Lurretik kamera batekin hartutako irudiak eta Dron bidez lortutakoak uztartzen ditu bideo honek."
Proiektua Atauniker kultur erakundearen eskariz sortu zen, erakundeko kideek Elgarrestari Ataun airetik erakusten zuen bideo bat egiteko eskatu baitzioten. Egileak azpimarratu du irudi horiek esklusiboak direla, “inoiz” ez direlako horrela hartu. Gainera, leku batzuetako irudiak drone bidez soilik lor daitezkeela gaineratu du, lurreko eta aireko irudiak uztartuz.




