Beasaingo Igartzako jauregia etorkizuneko musikarien erakusleiho bilakatuko da larunbat honetan. Musikeneren (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia) 33 ikaslek parte hartuko dute Igartza Musika Bekaren edizio berriko entzunaldietan, epaimahaiaren eta bertaratzen diren herritarren aurrean euren trebezia erakusteko. Ekitaldia goizeko 09:30ean hasiko da eta arratsaldeko 19:00etako sari banaketarekin amaituko da. Egun osoan zehar sarrera doakoa eta irekia izango da.
Parte-hartzaileen jatorriari erreparatuta, Musikenek erakartzen duen nazioarteko talentua agerian geratzen da. Euskal Herriko bost ordezkarirekin batera —Gernika-Lumo, Andoain, Gasteiz, Huarte eta Donostiako ikasleak—, Estatuko hainbat txokotatik etorritako musikariak arituko dira (Madril, Murtzia, Alacant, Valentzia, Galizia, Asturias, Nafarroa, Extremadura, Andaluzia, Aragoi, Gaztela-Leon, Gaztela-Mantxa eta Balearrak). Gainera, atzerriko zortzi musikarik ere parte hartuko dute: Frantziako hiruk, Portugaleko bik, Italiako batek, Kolonbiako batek eta Kazakhstango batek.
Instrumentuen zerrenda ere zabala da oso: hamabi espezialitate entzun ahal izango dira jauregian, hala nola biolina, klarinetea, pianoa, biolontxeloa, harpa, akordeoia, tronpa, flauta, saxofoia, kantua, bateria eta biola. Parte-hartzaile bakoitzak 10 minutu inguruko saio labur eta bizia eskainiko du, entzuleentzat esperientzia dinamikoa sortuz. Saioen artean aretora libreki sartu eta irteteko aukera izango da.
Irabazleak aukeratzeko ardura iazko epaimahai berak izango du: Olatz Saitua, Joseba Candaudap, Jesús Echeverría eta Garazi Zabaleta, Musikeneri eta euskal musika-eszenari estuki lotutako profesionalak. Saritutako musikariek diru-laguntza jasotzeaz gain (Gradu mailan 2.200 euro eta Masterrean 3.300 euro), hurrengo urtean Beasainen kontzertu bakar eta berezi bat eskaintzeko konpromisoa hartuko dute.




