280 korrikalarik parte hartuko dute Segura-Zerain mendi lasterketan

Aurtengo edizioak iazko formatua mantenduko du, bi distantzia eskainiz eta maiatzaren 3an ospatuko da.

Mendi lasterketako oinetakoen irudi generikoa, lokatzetan.
IA

Mendi lasterketako oinetakoen irudi generikoa, lokatzetan.

Segura-Zerain mendi lasterketaren bederatzigarren edizioak 280 korrikalari bilduko ditu maiatzaren 3an, igande goizean, iazko formatuari eutsiz bi distantzia ezberdinekin.

Datorren igandean, maiatzaren 3an, IX. Segura-Zerain mendi lasterketa ospatuko da. Antolatzaileek eguraldiaren zain dauden arren, gainerako prestaketa guztiak amaituta dituzte. Iazko aldaketa positiboaren ondoren, aurten ere lasterketak igande goizean egingo dira, larunbat arratsaldeko ordutegia baztertuz.
Ohikoa denez, bi proba izango dira aukeran: Trail edo lasterketa luzea, 25 kilometrokoa, eta Sprint edo motza, 14,5 kilometrokoa. Lasterketa luzea 09:30ean hasiko da, eta motzeko korrikalariak ordu erdi beranduago abiatuko dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ibilbidea iazkoaren berdina izango da.

"Ahal den neurrian, dortsalak larunbatean hartzeko deia luzatu diegu Segurako eta inguruko herrietako korrikalariei, antolakuntza lanak errazteko."

antolakuntza
Izen-ematea astelehenean itxi zen, eta guztira 280 lagunek eman dute izena bi probetan. Kopuru hori iazkoa baino apur bat txikiagoa da, eta antolatzaileek uste dute Maiatzaren Leheneko zubiak eragina izan dezakeela. Parte-hartzaileen %20 emakumezkoak dira, eta gehienak, %75, Goierriko edo Gipuzkoako korrikalariak dira.
Dortsalak larunbat arratsaldean (18:30etik 20:00etara) eta igande goizean (08:00etatik 09:30era) banatuko dira. Antolatzaileek gomendatzen dute dortsalak larunbatean jasotzea, antolakuntza errazteko. Aurten ere, korrikalarientzako opari poltsa bat prestatzen ahalegindu dira.
Iaz bezala, Segura, Zerain eta Mutiloako kintada jendetsuenari saria emango zaio, afari bat antolakuntzarekin. Gainera, gazteentzako sariak ere jarraipena izango du, 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta, heldu baten baimenarekin lasterketa motza egiteko aukera emanez. Guztira 31 sari banatuko dira, Seguran bizi den artisau baten zigilupean egindakoak.
Segura-Zerain mendi lasterketa Goierriko Koparako puntuagarria izango da aurten ere. Antolatzaileek baieztatu dute Gabiriako Leharrei mendi lasterketan lider ziren lau korrikalariak Seguran izango direla. Gainera, Goierriko Kopa osatzen duten beste lasterketetan bezala, izena ematen duen korrikalari bakoitzeko euro 1 Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteari emango zaio.