Valentin Larrea musikariaren jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko dute urte osoan zehar

Gabiriar musikariaren obra berreskuratu eta gizarteratuko dute hainbat kontzertu, liburu eta ikus-entzunezkoaren bidez.

Irudi generikoa piano zahar batena, Euskal Herriko eliza batean.
IA

Irudi generikoa piano zahar batena, Euskal Herriko eliza batean.

Valentin Larrea musikari gabiriarraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko, urte osoko egitaraua antolatu dute haren bilobek, obra berreskuratu eta gizarteratzeko.

Berazadi Larrea familiako bilobek antolatutako ekimenak Valentin Larrea Iturbe (Gabiria, 1876 – Iruñea, 1970) musikari, piano jotzaile eta konposatzailearen jaiotzaren 150. urteurrena du helburu nagusi. Urte osoan zehar hainbat musika-kontzertu eskainiko dira, eta horietan entzun ahal izango da berriro ere Larreak konposatutako obra oparoa. Konposatzaileak arlo ugaritarako sortu zituen lanak, besteak beste, XX. mende hasierako Euskal Lore Jokoetarako folklorikoak eta antzoki, areto zein dantzaldietarako piezak. Iruñean garatu zuen bere ibilbide artistikoa, 1898tik aurrera Nuevo Casino Eslava elkarteko pianista titular gisa.
Egitaraua Itxaso Aristizabal piano jotzailearen kontzertu batekin hasi zen otsailean Lezon (Gipuzkoa). Aristizabal izan zen Larrearen musikaren berreskurapen prozesuan lehen interpretatzaileetako bat, duela zazpi urte konposatzaile gabiriarraren lanak berriro entzunarazteko funtsezko eragile gisa.
Gaur, ostirala, Urruñako (Lapurdi) elizan izango du jarraipena egitarauak, 19:00etan. Bertan, Aitor Garitano tenore bergararrak, Ignacio Arakistain organo jotzaile azpeitiarrak eta Eragiok abesbatzak (Jon Larraurik zuzenduta) 12 obra interpretatuko dituzte, horietako asko jendaurrean lehen aldiz denbora luzearen ondoren. Sarrera doakoa da.
Jarraian, igandean Sokoako (Ziburu, Lapurdi) elizan izango da kontzertua, 17:00etan, Arnaga Laukotearen eskutik. Udan eta udazkenean eskainiko dira emanaldi nagusiak, besteak beste, Deban, Azpeitian, Tolosako elizan, Iruñeko Civivox Pompelo aretoan, Gabiriako elizan, Baluarte jauregian (Iruñea), eta Luhuson, Donibane Lohizunen eta Donapaleun.
Emanaldiez gain, Valentin Larrearen bizitzari eta obrari buruzko biografia liburu bat eta ikus-entzunezko bat ere prestatzen ari dira. Aurkezpenak irailean egingo dituzte Donostian eta Gabirian, eta abenduan Iruñean.