Usurbilgo Udalak, martxoaren 26ko osoko bilkuran, aho batez onartu zuen Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-108 (Atsobakar) eremuan dagoen udal jabetzako lursail bat desafektatzea. Erabaki horren ondorioz, lursaila ondare-ondasun bihurtuko da, eta horrek etorkizunean salerosketa bat ahalbidetuko du. Espedientea jendaurrean jarriko da hilabetez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera, apirilaren 24tik zenbatzen hasita.
Udal gobernu taldeak azaldu zuenez, desafektazioa ondasun batek jabari publikoko izaera galtzea da, jada erabilera edo zerbitzu publikoari atxikita ez dagoenean. Kasu honetan, Usurbilgo Udalak 1999an jaso zuen Atsobakarreko lursaila, baina ordutik ez da inolako erabilera publikorik ezarri bertan, eta ez da aurreikusten etorkizunean ere halakorik ezartzea. Horregatik, lursaila ez dago erabilera publiko eraginkor bati lotuta.
Gainera, Udalak 2022-2026 urterako onartutako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Estrategikoan ere ez da inolako erabilerarik aurreikusten Atsobakarreko lursailerako. Udalak beste erreserba-lursail batzuk baditu etorkizuneko kirol-ekipamenduen beharrei erantzuteko.
Testuinguru honetan, Lasarte-Oriako Udalak, Usurbilekin mugakidea denak, lursail hori erosteko asmoa adierazi zuen, Atsobakarren dituen kirol-instalazioak handitu eta hobetzeko. Horren harira, bi udalek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten iaz, lursaila zuzenean besterentzeko jarduketak eta baldintzak arautzeko. Hitzarmen horren arabera, esleipena eta jabetzaren transmisioa gehienez ere bi hilabeteko epean formalizatuko dira, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) indarrean jartzen denetik aurrera.
Udal gobernu taldeak adierazi duenez, desafektazioa legez bideragarria da, ez baitago hura eragozten duen arau berezirik, eta interes publikoko justifikazio egokia eta arrazoitua du. Horregatik, espedientea jendaurrean jartzea erabaki da, salerosketa prozesua aurrera eramateko beharrezko urrats gisa.




