Iazko lehen edizio arrakastatsuaren ondoren, Sukatloia duatloiak indarrez itzuli da Ordiziara. Sukajugar koadrilak antolatutako proba honek hogei bikote baino gehiago bilduko ditu, eta bakarka parte hartuko duten hiru lagun ere izango dira.
Aurtengo edizioak berrikuntzak dakartza, herriko koadrila guztiei ireki baitzaie parte hartzeko aukera. Ibilbidea ere aldatu egin da, antolatzaileen arabera “gogorragoa” izan dadin. Bi sektore izango ditu: 7,5 kilometro bizikletaz eta 11 kilometro oinez.
Proba 10:30ean hasiko da Frai Andresen estatuatik, bizikletaz Lazkaomendirantz igoz Okorro bidetik. Ondoren, Zaldibiara jaitsi eta Egileor auzotik Akapulkora igoko dira. Bikote aldaketa Olakosaroi baino lehen egingo da, Gaztelura korrika igotzeko. Tontorrean lepoko bat hartu beharko dute, bertatik igaro direla frogatzeko. Jaitsiera bide beretik egingo da, erreleboa berriro emanez, eta Ordiziara itzuliko dira, Frai Andresen dagoen helmugara.
Parte-hartzaileentzat eta zaleentzat bazkari herrikoia antolatu da frontoi txikian, iaz bezala, 250 lagun inguru bilduko dituena. Bazkarian sari banaketa egingo da, eta Perejilak taldeak girotuko du. Arratsaldean, 18:30etik aurrera, Distopia elektrotxaranga arituko da, bi urteko etenaldiaren ostean Ordizian itzulera eginez. Antolatzaileek eguraldi ona espero dute, baina euria eginez gero ere festa ez zapuzteko prest daude.
Bigarren edizio honen arrakastaren ostean, Zesatek eta hainbat merkataritza establezimenduren babesari esker antolatu ahal izan dena, datorren urteko edizioan pentsatzen ari dira jada, Goierriko beste udalerri batzuetara zabaltzeko asmoarekin.




