Donostiako Auzitegiak absolbitu egin ditu Zestoako auzian epaitutako sei lagunak. 2018an emakume baten bikotekide ohiak salatutako "integritate moralaren aurkako" delitua frogatzen saiatu ziren akusatzailearen abokatua eta Fiskaltza, baina azkenean ez da deliturik egon ondorioztatu du epaileak.
Gizonak lau eta bortz urteko zigorrak eskatzen zizkien haren bikotekide izandako emakumeari, eta emakume hori babestu duten bost laguni. Fiskaltzak, hasiera batean, zigor ekonomikoak eskatu zituen bost lagunentzat "hertsatze" delitua argudiatuta, baina epaiketan zehar bere eskaera aldatu eta absoluzioa eskatu zuen salatzailearentzat.
Epaileak, epaiketa amaitu eta bost hilabetera, ebatzi du ez zela inolako deliturik gertatu eta errugabetzat jo ditu denak. Horrenbestez, ez dute fiskalak eskatutako zigor ekonomikorik ere ordaindu beharko.
Zestoako Mugimendu Feministak "elkartasun feministaren aurkako salaketa" izan zela salatu zuen, eta kasuak agerian uzten duela sistema judizialaren "izaera heteropatriarkala". Hedabideetan zein kalean presentzia handia izan du kasuak, eta epaiketa bezperan zein kanpoan kontzentrazio jendetsuak egin ziren epaituei babesa adierazteko.




