Deitzaileek nabarmendu zuten apirila, "gorabeheraz beteriko" hilabetea, amaitu dela. Adierazi zutenez, "beste hilabete batez, horrenbeste urtetan horrenbeste sufrimendu eragin zuen gatazkak utzitako ondorioekin amaitzeko eta konponbideari, bakeari eta elkarbizitzari ateak zabaltzeko unea dela erakutsi nahi dugu".
Sarek azpimarratu du etxeratze prozesuan "aurrera" doazela, eta hori "bistakoa" dela zifrei erreparatuz gero. "EPPK-ko ehun presoren langa gainditzea lortu dugu, eta datozen egun eta asteetan urratsak aurrera egiten jarraitzea espero dugu", azaldu dute. Hala ere, gaineratu dute 97 presotik 60 baino ez direla egunerokotasunean kalea zapaltzen ari direnak, eta 37k oraindik erregimen itxian jarraitzen dutela, nahiz eta zigorraren azken urteak etxean betetzeko baldintzak bete.
“"Beste behin, argudiaketa juridikoan baino gehiago mendeku logikan oinarritzen den praktika juridikoa agerian geratu da."
Azken egunetan "mediatiko" bilakatu diren 100.2 artikuluaren aplikazioa ukatzea "arduraz eta kezkaz" hartu du Sarek. Dinamikak salatu duenez, "konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan jarraituko dugu, nahiz eta presioa egiten eta mendeku politikak gauzatzen jarduten duten esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoak izan aurrean".
Erbesteari dagokionez, Sarek adierazi du iheslari bat gutxiago dagoela, "tamalez", joan den astean Mexikon hil baitzen Olaztiko iheslari bat, 45 urte etxetik urrun igaro ondoren. Haren senide eta lagunei babes eta besarkada beroena helarazi diete.
Egungo egoeraren argazkia osatzeko, Sarek zifrei erreparatu die eta etxeratze bidearen norabidea ikusita, zenbait hausnarketa egin dituztela adierazi du. Horiek partekatzeko eta etorkizunari begira jartzeko, datozen bi hilabeteetan 27 batzar egingo dituzte Euskal Herrian zehar. Eskualdeetako deialdiei adi egoteko eskatu du dinamikak.
Gainera, ekainaren 6an, 11:30ean, Arrasateko (Gipuzkoa) Monterron parkean egingo duten agerraldi garrantzitsu baten berri eman du Sarek. "Aspaldian egin dugun agerraldirik garrantzitsuena izango dela aurreikusten dugu, eta orain arteko moduan, zuek guztiokin partekatu nahi dugu garrantzizko agerraldia. Aurrera goaz etorkizuna helmuga, jarrai dezagun konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren logikan lanean", adierazi du dinamikak.




