Biolur elkarte ekologista ekainaren 14an formazio saio bat antolatu du Zestoako (Gipuzkoa) Amillubi proiektuan. Bertan, pribilegio zuriaren inguruko hausnarketa sustatuko dute, Nontokozo Sabic, Apartheid-a bizi izan zuen emakume beltz ekintzaile hegoafrikarraren eskutik. Klima eta gizarte justiziaren, komunitate bizitzaren eta Ipar-Hegoaren arteko adiskidetzearen aldeko lan egiten du Sabic-ek.
Antolatzaileek nabarmendu dute elkarrizketa hau lurraren defentsan diharduten mugimendu eta proiektuetara hurbiltzea garrantzitsua dela, "gure borrokak zeharkatzen dituzten erantzukizunen inguruan kolektiboki hausnartzeko".
Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu elkarrizketa hau lurraren defentsan lanean ari diren mugimendu eta proiektuetara hurbiltzea, gure borrokak zeharkatzen dituzten erantzukizunen inguruan kolektiboki hausnartzeko.
Saioa goizeko 9:00etan hasiko da Amillubin auzolanarekin, proiektuaren beharrei erantzunez. Ondoren, 11:30ean, kafea eta indarrak hartu ostean, solasaldia hasiko da. Bertan, Ubuntu Co-create, Meloia Zuritzen eta Amillubi proiektuek beraien esperientziak partekatuko dituzte, pribilegio zuriaren inguruko erronkak aztertuz.
Nontokozo Sabic, Ubuntu Co-create proiektuko partaidea, jatorriz Hegoafrikarra da eta egun Europan bizi da. Munduko hainbat lekutako mugimendu sozialekin lan egiten du, zapalkuntza sistemak desegiteko estrategiak garatzen eta deskolonizazio-prozesuetan laguntzen. Ikasturte honetan hainbat saio eskaini ditu Gipuzkoan, pertsona zurientzat zein arrazializatuentzat.
Amillubi proiektuko kideek herritarrak gonbidatu dituzte "entzute, truke eta ikaskuntza partekaturako gune honetan" parte hartzera.




