Aurtengo edizioak berezia du, izan ere, Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkarteak antolatzen duen egun handiaren 60. urteurrena beteko da. Gainera, Europako Natura 2000 Egunarekin eta Natura Parkeen Egunarekin bat egiteak ospakizunari indar berezia emango dio.
Ekintza nagusiak Pagoetako gailurrean izango dira, 10:15etik aurrera. Bertara igotzeko bi irteera antolatu dira: bata, Aiako Gozategi plazatik 09:00etan, ingurumen hezitzaileek gidatuta; eta bestea, Zarauzko Guria tabernatik 08:30ean, Pagoeta Mendizale Elkartearekin batera. Antolatzaileek mendian ibiltzeko ohitura, ur eta oinetako aproposak eramateko gomendatu dute, eta ibilbidea ez dela egokia ume txikiekin eta zakurrekin egiteko gogorarazi dute.
Gailurrean, hainbat ekitaldi izango dira: Gipuzkoako Pottokazale Elkarteko aditu batek bertako pottoka ezagutaraziko du; Basabizi zentroko hegazti bat askatuko da; Oiartzungo talde batek euskal makila borroka erakutsiko du; 11:30ean meza izango da; eta Trik kultur elkarteko trikitilariek girotuko dute eguna. Gainera, jatekoa eta edatekoa egongo da, baina norberak bere edalontzia eraman beharko du.




