Euskal kantutegian hainbat lurralderi eskainitako ereserkiak badaude ere, Gipuzkoak, San Inazio Martxa izan ezik, ez dauka berezko abesti nabarmenik. Egoera hori salatu dute Oskarbi taldeko kideek, taldeak 60 urte bete dituen honetan. Taldeak disko berri bat argitaratu du, Gipuzkoa Donemilia, lurraldeari gorazarre egiteko, eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu.
Diskoaren aurkezpena Donostiako Santa Teresa komentuan izango da astearte honetan, 19:00etan. Gainera, taldeak kontzertuak emango ditu Aian ostiralean eta Arantzazun irailaren 26an. Azaroaren 8an, Pasaiako Udalak omenaldia eskainiko die, eta urteurrenaren gailurra abenduaren 12an izango da, Donostiako Victoria Eugenian emango duten kontzertu handiarekin, hainbat artista gonbidaturekin.
Joxelu Treku, taldeko kide beteranoak, azaldu duenez, Gipuzkoa Donemilia diskoaren ekoizpena duela urte eta erdi hasi zuten. Albumak hamaika kantu biltzen ditu, eta lurraldearen izenaren lehen aipamen idatzia omendu nahi du. Trekuk azpimarratu duenez, "Oskarbik Gipuzkoari zor dio bere bizitza musikala", izan ere, "Euskal Herria osoan ibili gara baina, batik bat, hemen".
Disko berrian, lehen aldiz orain dela mendeak argitaratutako Mosen Bernat Etxepareren Kantuia eta Perutxoren kantua ere grabatu dituzte. Gainera, taldearen sei hamarkadetako ibilbidea errepasatzen du, garai ezberdinetako doinuak berreskuratuz, hala nola Kattalin ttirun ttarun, Adizan Gabriela, Lore bakartia, Arto zuriketa berria, Tiriki Tauki, Oi Pello Pello eta Globo Gorri.
Gaur egun, Jon Martin, Joxelu Treku, Iñaki Maritxalar, Maite Aizkorreta, Carlos Ruiz, Itziar Alonso, Manex Iñigo, Alaitz Guridi, Maite Aldaregia, Jabi Zurro, Beñat Ruiz eta Berttolo Hegi dira Oskarbi taldea osatzen dutenak. Treku, Maritxalar, Aizkorreta eta Ruiz dira "beteranoenak", eta gazteagoak diren gainerako kideekin "oreka polita" dutela adierazi du Trekuk.
Taldea 1960ko hamarkadaren amaieran sortu zen, euskal kultura "basamortu idor" bat zela zirudien garaian. Don Bosco Eskolaniako kide batzuen ekimenez jaio zen, euskaraz abesteko, talde mistoa izateko, herri tradizioan sakontzeko eta sorkuntza propioa egiteko helburuekin. Ordutik, 1.000 kontzertutik gora eman eta 13 disko grabatu ditu taldeak.
Gaur arratsaldean Donostian egingo den aurkezpenean, Jon Martin izango da ekitaldiaren gidari, eta taldearen historia errepasatuko dute kide beteranoen hitzaldiekin. Ondoren, diskoaren abestiak azalduko dituzte eta bi kantu zuzenean interpretatuko dituzte: Oi, Pello Pello eta Mosen Bernat Etxepareren Kantuia. Ekitaldiaren amaieran, Gipuzkoari eskainitako piezaren bideoklipa proiektatuko da.




