Daniel Scott ek, bere bikotekidearekin eta semearekin batera, Orion (Gipuzkoa) bizi da, eta aldi baterako alokairu kontratu bat dute, iruzurrezkoa dela frogatu dena. Kontratu horren arabera, udan etxetik alde egin beharko lukete, baina iaz uko egin zioten eta bertan geratu ziren, legeak babesten zituela jakinda.
“"Etxean geratu gaitezke orduan?», galdetu genien etxebizitza sindikatuko kideei, eta baietz esan ziguten, legeak babesten gaituela. Guretzat sekulakoa izan zen: ez genuen sinesten."
Scott eta bere familia Argentinakoak dira jatorriz, baina urte asko daramatzate Euskal Herrian. Azkenekoz 2023ko martxoan itzuli ziren, Usurbilen bizi izan ondoren, eta inguruan etxe bila hasi ziren. Orion aurkitu zuten alokairu bat, Basque Local Rentss enpresak kudeatzen zuen etxebizitza turistiko bat.
Hasierako kontratua martxotik ekainera bitartekoa zen. Maizterrek, ordea, Orion geratzeko asmoa zuten, eta enpresari hasieratik jakinarazi zioten. Enpresak beste pisu bat aurkituko ziela agindu zien, baina ez zuten ezer aurkitu, eta, azkenean, beste urtebetez bertan geratzeko baimena eman zieten, 2024ko ekainera arte. Scott en ustez, pandemiaren ondorioz turismoa erabat suspertu gabe egoteak lagundu zien egoera horretan.




