Loren Barbado Anaitasunak zuzentzen jarraituko du

Entrenatzaileak beste urte batez luzatu du kontratua taldearekin, denboraldi bikain baten ostean.

Futbol zelaiaren hurbileko irudia, pilota eta atea lausotuta.
IA

Futbol zelaiaren hurbileko irudia, pilota eta atea lausotuta.

Loren Barbado entrenatzaileak Anaitasuna futbol taldea zuzentzen jarraituko du beste urte batez, klubak sare sozialetan jakinarazi duenez.

Denboraldia amaitu berri du Anaitasunak, eta dagoeneko hasi da datorrenerako prestatzen. Loren Barbado entrenatzaileak taldea zuzentzen jarraituko du beste urte batez. Klubak atzo arratsaldean jakinarazi zuen berria sare sozialetan.
Barbadok hirugarren urtea osatuko du Anaitasunan, 2024ko udan iritsi zen-eta Errenteriako (Gipuzkoa) entrenatzailea Txerloira. Haren esanetara osatutako lehen denboraldian, taldea seigarren sailkatu zen, eta aurten, ligako bigarrenak izan dira. Urte ona egin dute gorritxoek Barbadoren gidaritzapean; Gipuzkoako Ohorezko Erregionalen mailan bigarren sailkatu da taldea, hogei garaipen, hamar berdinketa eta lau porrot pilatuta; guztira, 70 puntu batu ditu taldeak igaro berri den denboraldian.
Horren ondorioz, Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko hiruko ligaxka jokatu dute Barbadoren taldeek azken asteetan, baina ez dute lortu helburua. Dena den, Espainiako Errege Kopa jokatzeko sailkatu da taldea; aurre-kanporaketa bat jokatu beharko du Anaitasunak, Madrilgo Getaferen aurka jokatu bezala, berriz ere Txerloian Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko.