Jose Luis Zubizarreta 'Xubi' erretiroa hartuta Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendari postua utzi du

Azkoiti-Azpeitiko ISB taldeko arduradun ohiak hiru denboraldi egin ditu talde gipuzkoarrean eta aholkulari lanetan jarraituko du.

Saskibaloi pilota bat zoru batean, estadio argiak lausotuta.
IA

Saskibaloi pilota bat zoru batean, estadio argiak lausotuta.

Jose Luis Zubizarreta 'Xubi' Gipuzkoa Basket taldeko kirol zuzendariak erretiroa hartuko duela iragarri du ostiralean, taldearen denboraldiaren balorazioa egiteko prentsaurrekoan.

Jose Luis Zubizarreta 'Xubi' Gipuzkoa Basket taldeko kirol zuzendariak bere postua utziko du erretiroa hartzeko. Ostiralean hedabideen aurrean egindako prentsaurrekoan jakinarazi zuen erabakia, denboraldiaren balorazioa egiteko baliatu zuen ekitaldian. "Erretiroa hartzea dagokit, ez da beste ezergatik", adierazi zuen Zubizarrretak.
Azpeitiarra Gipuzkoa Basketen proiektuan sartu zen 2023ko udan, aurretik Azkoiti-Azpeitiko ISB taldean ardurak izan ondoren. Hiru denboraldi bete ditu talde gipuzkoarrean. Gainera, Gipuzkoa Basketek eta Askatuak saskibaloi klubek sinatutako akordioaren ondorioz, datorren denboralditik aurrera Askatuak Gipuzkoa izena hartuko du talde donostiarrak. Xubik azaldu duenez, aldaketa honek "birmoldaketa bat" ekarriko du klubaren egitura batzuetan.
Gaur egun, klubak kirol arloaz arduratzen den kirol batzorde bat du. Etorkizunean, Zubizarreta batzorde horretako aholkularia izango da. "Langile taldeari eta entrenatzaileei aholkuak emango dizkiet taldea eraikitzeko orduan, eta, era berean, klubaren zuzendaritzaren eta kirol arloaren arteko komunikazioaz arduratuko naiz, bitartekaria izango naiz", zehaztu zuen prentsaurrekoan.