Lurraldeko barnealdeko estazio meteorologikoek bero handia erregistratu dute goizetik. Beasain, Zaldibia, Ordizia eta Arrasate bezalako herrietan termometroak 35 gradutik gora kokatu dira. Beasainen, zehazki, 36,7 graduko marka neurtu da eguerdi aurretik.
Kostaldeko egoera oso bestelakoa da. Itsasoko brisak tenperaturak moderatzea lortu du; Zarautzen, Donostian eta Pasaian 24 gradutik beherako balioak izan dira goizean zehar. Hala ere, Euskalmetek ohartarazi du kostaldean ere 32 gradura irits daitezkeela maximoak.
Alerta laranja arratsaldeko 20:00ak arte egongo da indarrean. Beroak asteazkenean ere jarraituko du barnealdean, 33 graduko maximoekin, baina kostaldean haizeak tenperaturak 28 gradura jaitsiko ditu.
Tenperaturaren jaitsiera nabarmenagoa ostegunetik aurrera espero da. Aurreikuspenen arabera, maximoak 26 eta 28 gradu artean kokatuko dira lurralde osoan, eta ostiralerako zerua hodeitsuago egongo da, euri txikiak egiteko aukerarekin.




