Gipuzkoa lurralde gonbidatu gisa, Frankfurteko CiderWorld'26 ekitaldiak sagardoaren munduko profesionalak eta kontsumitzaileak bilduko ditu ostegunetik larunbatera. Ekitaldi honek Europa mailako sagardoaren nazioarteko topaketa garrantzitsuenetako bat da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko, Sagardoaren Lurraldea elkarteko eta Astigarragako Zapiain, Gurutzeta eta Petritegi sagardotegietako ordezkariek parte hartzen dute. Ostegun honetan, lan bilera tekniko bat eta aurkezpen bat egingo dira turismo sektoreko profesionalei zuzenduta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailaren eskutik.
Ondoren, aurkezpen instituzional bat egingo da turismo profesionalentzat, gastronomian eta turismoan espezializatutako kazetarientzat eta sagardo sektoreko adituentzat. Helburua Gipuzkoa helmuga turistiko gisa sustatzea eta sagardoaren kultura zabaltzea da. Bertan, Libe Otegui Turismo zuzendariak parte hartuko du, eta bideo bat proiektatuko da lurraldea ezagutzera emateko.
Jardunaldia amaitzeko, 'txotx' estiloko afari bat eskainiko da Frankfurteko Bornheimer Ratskeller jatetxean, 100 pertsonarentzat. Bertan, hainbat kupela jarriko dira, parte-hartzaileek sagardoa zuzenean 'txotxetik' dastatu eta Gipuzkoako sagardotegi tradizional baten esperientzia ezagutu dezaten. Astigarragatik etorritako hiru sagardotegiak arduratuko dira afari honetaz.
Hiru egunetan zehar, CiderWorld programaren barruan antolatutako jardueretan parte hartzeaz gain, hainbat ekimen egingo dira Gipuzkoa helmuga turistiko gisa sustatzeko, beti ere sagardoaren kulturarekin lotuta.




