Fagor Taldeak iaz 3,1 milioi euroko ekarpena egin zuen gizarte ekimen desberdinetara, bere irabazien %12 gizarte funtsera bideratuz, legezko %10a gaindituz. Ekarpen horren zati handiena, 1,8 milioi euro, Debagoiena eskualdean geratu zen, tokiko garapenari eta iraunkortasunari laguntzeko.
“"Kooperatiba taldea garen heinean, funtsezkoa da komunitatearekin dugun lotura hertsiari heltzea. Interkooperaziotik egiten dugu hori guztia, jakinik elkarrekin egindako bideak emaitza emankorragoak dituela epe luzera."
Eskualdeko ekimenen artean, Debagoiena 2030 iraunkortasun sareari lotutako hainbat proiektu lagundu ziren, hala nola Arima Zubi gunearen inguruko mugikortasun iraunkorra sustatzeko Plaza Bizi egitasmoa. Gainera, Fagor Eskoriatzako Esnargi komunitate energetikoaren bazkide-laguntzaile bihurtu zen, eta Debagoieneko elikadura burujabetzaren aldeko Tokixan proiektua babestu zuen.
Hezkuntza arloan, laguntzak bideratu ziren Hirekin industria-eraldaketa iraunkorrerako berrikuntza eta ekintzailetza zentrora, Arizmendi Ikastolaren Eskoriatzako Torrebaso 2030 proiektura eta Huheziren (Mondragon Unibertsitatea) Kolaborategira. Taldeko kooperatibek 251.000 euroko ekarpenak egin zizkieten Debagoieneko herrietako hainbat elkarteri.
Barne-ekimenek ere garrantzi handia izan zuten, 810.000 euroko inbertsioarekin. Horien artean, kooperatibetako euskara-planak (753.000 euro), lanerako bidean mugikortasun iraunkorra sustatzeko Fagor Mugi programa eta kooperatibetako kideak gizarte ekimenetan inplikatzeko Fagor Elkarrekin nabarmentzen dira. Nazio mailako ekimenetara 144.000 euro bideratu ziren, horietatik 120.000 euro Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez.
Nazioarteko elkartasunari dagokionez, 314.000 euroko ekarpena egin zen. Laguntza horren zati handiena, 304.000 euro, Mundukide Fundazioak jaso zuen, garapen bidean dauden herrialdeetan komunitate garapena sustatzeko.




