Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak Azpeitian antolatu ditu Euskaltzale Independentisten Bigarren Topaketak, apirilaren 24 eta 25ean. Ekitaldi hauen helburu nagusia euskaltzaleen pizkundea sustatzea, komunitatea saretzea eta eguneroko borrokarako indarberritzea da, herritarrak euskararen aldeko mugimendura batuz. Antolatzaileen arabera, Euskararen Errepublika da azken helburua, “Herri euskaldun, aske eta burujabea eraikitzea” bilatuz.
EHE 1979an sortu zen, euskarak eta euskaltzaleek jasaten duten zapalkuntzari aurre egiteko eta Euskal Herri euskaldun eta independente bat eraikitzeko asmoz. Lehen topaketak duela hiru urte egin ziren Villabonan, eta aurrerantzean bizpahiru urtero antolatzeko asmoa dute. Jardunaldi hauetan ateratako hausnarketak eta eztabaidak izango dira elkartearen etorkizuneko jardunerako oinarri.
Aurreko edizioetako helburuak mantendu dira: prozesu euskaltzale eta burujabeak elikatu eta indartzeko bideak aztertzea; euskalgintzaren erronka berriei buruzko gogoeta egitea eta Euskararen Errepublikaren norabidean txertatzea; eta euskaltzale independentisten komunitatea saretzea eta indartzea.
Hala ere, topaketa hauen abiapuntua ezberdina da, euskarak eta Euskal Herriak dituen erronka eta mehatxu berrien aurrean. Horien artean, Frantziako eta Espainiako estatuen politika “supremazista” eta “linguizidak”, “oldarraldi mediatiko, politiko eta sindikala” eta eskuin muturraren indartzea aipatu dituzte. Egoera honi aurre egiteko, Euskararen Errepublikaren eta independentziaren beharra azpimarratu dute, eta euskararen normalizaziorako beharrezkoak diren baliabideen falta salatu dute.
“"Hausnartzeko, formatzeko, ikasteko, jolasteko, dibertitzeko eta saretzeko."
Bi eguneko agenda askotarikoa prestatu dute, adin guztietako interesak asetzeko. Ostiral arratsaldean hasiko dira topaketak, “Ongi Etorri Euskararen Errepublikara” ekitaldiarekin, eta migrazioen gaia jorratuko dute. Ikerlari baten hitzaldiak euskaldunok atzerritik datozen herritarrekiko ditugun aurreiritzi eta sinismenei buruzko ikerketa baten emaitzak partekatuko ditu. Ondoren, atzerritik etorri eta euskaldundu diren hiru pertsonak beren esperientziak kontatuko dituzte. Iluntzerako, aisialdi eskaintza bat antolatu da.
Larunbat goizean, “Euskaratik Independentziara” izeneko mahai-inguru zentrala egingo da, hainbat eragile euskaltzale eta independentistarekin. Bertan, euskaratik independentziarako bidean bakoitzak dituen proposamenak, plangintzak eta lanketak aurkeztuko dituzte. Arratsaldean, zortzi tailer eskainiko dira bi txandatan banatuta, horietatik bi praktikoak. Tailer horietan, egungo testuingurutik EHErentzat garrantzitsuak diren gaiak landuko dituzte. Gauean, Tapia eta Leturia Band eta Maruxak taldeen kontzertuak eta DJ eskaintza egongo dira San Agustin Kulturgunean.
Larunbateko bazkarirako eta kontzertuetarako sarrerak erosteko aukera dago. Ostiral zein larunbaterako lo egiteko doako aukera eskainiko da, eta hitzaldietarako izen-ematea galdetegi beraren bidez egin beharko da. Nahiz eta nagusiki euskaltzale independentistei zuzenduta egon, Euskal Herri osoko euskaltzaleei zabaldu diete bertaratzeko deia.




