Basque Centre for Climate Change (BC3)-ko ikertzaileek egindako lehenengo Espainiako Pobrezia Energetikoaren Atlasak etxebizitzen faktura energetikoak auzoz auzo aztertzeko aukera ematen du. Gainera, aurreneko aldiz, familiaren diru-sarrerekin erlazionatuz auzorik zaurgarrienak identifikatzeko adierazle bat sartzen du.
Gipuzkoan, faktura energetikoen karga %1,5etik %4,7ra bitartekoa da diru-sarrerekin alderatuta, eta ez da %5eko langara iristen, hau da, kezka sortuko lukeen mailara. Espainiako batez bestekoa %3,6koa da, eta lurraldeak posizio ona du. Getaria (%1,5) da fakturek diru-sarrerekin duten karga txikiena duen udalerria, eta Belauntza (%4,7) da altuena, bertako fakturak altuenak izateagatik.
Atlasaren egileek auzorik zaurgarrienak identifikatu nahi dituzte, non familiek zailtasunak dituzten beren etxebizitzen elektrizitate eta klimatizazio beharrei aurre egiteko. Orain arte, adierazle orokorrak baino ez zeuden eskura, baina tresna berri honek unitate zentsaletaraino jaisten du xehetasuna. «Adierazle honi esker, askoz hobeto identifikatu dezakegu zein diren hilabete bukaeran faktura ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonak aurkitzeko probabilitate handiena duten auzoak», azaldu du Manuel Tomás, BC3ko ikertzaileak.
Hiri berean ere «desberdintasun handiak» egon daitezke faktura energetikoen kostuan eta horrek familiei eragiten dien kargan. «Hiri berean bizi diren pertsonek energiarekiko zaurgarritasun maila desberdinak jasan ditzakete, batez ere, klima-zona antzekoa izan arren, auzoen artean baldintza desberdinak daudelako, etxebizitzen kalitatearekin edo familien diru-sarrerekin lotuta batez ere», adierazi du Tomás ek.
Donostian, Intxaurrondo auzoari dagokion unitate zentsalak du karga energetiko maximoa (%4,18), eta Ondarreta-Igeldo-k txikiena (%1,52). Desberdintasuna 2,66 puntukoa da. Fakturen kostuari dagokionez, Aiete ko 1.075 eurotik Herrera-Larratxo ko 636 eurora bitartekoa da, 439 euroko aldea. Donostiako batez besteko faktura urtean 785 eurokoa da.
Gipuzkoako datuak aztertuta, unitate zentsalen arteko desberdintasun maximoa 3,2 puntukoa da. Karga energetiko baxuenak Getaria (%1,5), Ondarreta (%1,52) eta Segura (%1,55) udalerrietan aurkitzen dira, eta altuenak, berriz, Belauntza (%4,7), Larreaundi (%4,46) eta Amute (%4,44) auzoetan.
Fakturen kostuan, Belauntza (1.187 euro), Sokoa (Hondarribia, 1.075 euro) eta Aiete (Donostia, 1.075 euro) dira altuenak. Kostu baxuenetan, berriz, Lizartza (431 euro), Asteasu (434 euro) eta Zegama (445 euro) daude. Gipuzkoako batez besteko faktura 738 eurokoa da urtean.




