Aurtengo edizioak 28 kilometroko luzera eta 1.200 metroko desnibel metatua izango ditu, eta hainbat jaitsiera tekniko eskainiko dizkie parte-hartzaileei. Etor Garate, Piñu-koku elkarteko kideak, nabarmendu duenez, "Azkonabieta, Goikomendi eta Erdella inguruetan ibiliko gara, eta Erdella nobedadea da".
Martxaren irteera Elgetako plazatik izango da, goizeko 09:00etan. Iazko edizioan 120 lagun elkartu ziren, eta aurten ere parte-hartze handia espero da. Izen-emateak zabalik daude Kirolprobak.com atarian, baina egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da. Federatuek 20 euro ordainduko dituzte aurrez izena emanez gero, eta ez-federatuek 25 euro. Egunean bertan apuntatzen direnek, berriz, 30 euroko kuota izango dute.
“"Saiatzen gara urtero zerbait berria prestatzen, eta aurten lehenengo jaitsiera berria izango da. Denbora dezente behar izan dugu egiteko, baina prest dago, eta denek izango dugu probatzeko aukera. Ea jendeari zer iruditzen zaion."
Ibilbideak sei jaitsiera nagusi izango ditu. Plazatik abiatu eta San Romanera joango dira, errepidetik. Ondoren, Gurutzetik Erdellara igoko dira, eta tontorretik Lapurdi baserri inguruko pistara jaitsiko dira, aurtengo nobedade nagusia. Gero, gaztetxera itzuli eta Goikomendiri buelta emanda Karabietara helduko dira, iaz estreinatutako jaitsiera egiteko. Azkonabieta aldera jarraituko dute, Azurtza aurreko jaitsiera egiteko, duela bi urte estreinatutakoa.
Eguneko laugarren jaitsiera egiteko, Azkonabietara igoko dira berriro, baina beste leku batetik, eta Arraozko bihurgunerainoko jaitsiera egingo dute, elkartearen jaitsierarik zaharrena. Arraoz baserrira igo eta Txitxarea izeneko bosgarren jaitsiera egingo dute. Amaitzeko, Karabieta eta Goimendi arteko Armendigainera igoko dira, eta handik Aixolarako jaitsiera egingo dute, gaztetxera itzuliz martxa amaitzeko.
Antolatzaileek bizikletak garbitzeko gunea eta kiroldegiko dutxak erabilgarri egongo direla jakinarazi dute. Gainera, martxa amaitzeko txitxi-burruntzia egingo da. Apirilaren 11n, Itzuliko tropela birritan pasako da Elgetatik, Asentziotik zehazki, 14:15ean eta 17:15ean, Antzuola-Bergara etaparen barruan. Horrek "egun osoko plana" egiteko aukera polita eskainiko duela adierazi dute.




