Gipuzkoa osotik eta Debagoienetik milaka zale hurbilduko dira Sevillara, Kopako finala ikustera, Cartuja estadioan jokatuko den partidarako sarrerarekin edo gabe. Zale guztientzat, Carlos III. etorbidean Zaleen Gunea antolatu da, musika eta jan-edan eskaintza zabalarekin.
Egitarau oparoa prestatu dute, hainbat talderen kontzertuekin, besteak beste, Sune, Janus Lester, Nogen, Tinez eta Brigade Loco. Azken talde honetako kideak, realzale amorratuak direnez, bereziki ilusioz daude ekitaldi honekin.
“"Abestiak ondo funtzionatu duela uste dut; realzaleei heldu zaielako. Adin guztietako jendeak entzun du; txikienetatik hasi, eta helduenetaraino. Nire ustez, nahiko abesti itsaskorra den heinean, letrarekin ere jendea identifikatuta sentitu da; letran islatuta sentitzen zarenean, barruraino sartzen den zerbait izaten da, eta realzale izatea ere sentimendu bat da."
Brigade Loco taldeko gitarra den Alex Arteagak adierazi duenez, taldeak duela urte batzuk kaleratutako Bultzada abestiak, Realari eta bere zaleei eskainitakoak, arrakasta handia izan du. Abestia Anoetan ere entzuten da atsedenaldietan, eta hori “ohore handia” dela gaineratu du bergararrak.
Arteagak nabarmendu duenez, bere belaunaldiak ez du Realaren final bat bertatik bertara bizi ahal izan, aurrekoa konfinamenduak harrapatu baitzuen. Horregatik, aurtengoa “poztasun eta ilusio bereziarekin” biziko dutela ziurtatu du. Kontzertuarekin euren “aletxoa” jarri nahi dutela ere adierazi du, egun seinalatu honetan jotzea “berezia” izango baita.
Brigade Loco taldea elkartu zuen arrazoi nagusietako bat Realarekiko maitasuna izan zen. Arteagak azaldu duenez, “Brigade Loco ezin da ulertu Realarekiko maitasunik gabe”. Partidaren ordua hurbildu ahala “urduriago” sentituko dela aitortu du, zale guztiek bezala, Realak “partidua irabaztea” nahi duelako.
Hona hemen Realaren Zaleen Guneko egitarau osoa:
- 11:00-11:45: Txolas dj-a.
- 11:45-12:15: Zeatikez.
- 12:30-13:00: Tinez.
- 13:00-13:40: Alex del Toro dj-a.
- 13:40-14:25: Nogen.
- 14:25-14:45: Txolas dj-a.
- 15:00-15:45: Janus Lester.
- 15:45-16:20: Konexioa Donostiarekin eta ekintzak zaleekin.
- 16:20-17:05: Brigade Loco.
- 17:05-17:40: Alex del Toro dj-a.
- 17:40-17:45: Txurdin.
- 17:45-18:30: Sune.
- 18:30: Kalejira estadiora, Ilargi txarangak girotuta.
- 19:00-20:30: Txolas dj-a.
- 20:30-21:00: Konexioa Donostiarekin.
- 21:00-23:00: Finala.
- 23:00-00:00: Aitor Garcia dj-a.




