Antolatzaileek dagoeneko osatu dute Azkoitiko frontoian ikusi ahal izango den hiru partidako karteldegia, joan den asteburuko emaitzen ondoren. Jaialdi nagusian, Iker Larrazabalek eta Iñaki Artolak neurtuko dituzte indarrak, Buruz Buruko Txapelketa Nagusiaren final laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldiaren barruan.
B Serieko final laurdenetako ligaxkari dagokion partidako pilotarien izenak eta jaialdia osatuko duen binakako partidan ariko direnenak zehazteke zeuden. Azken bi partida horiek joan den asteburuko emaitzek ebatzi dituzte. Bigarren mailako buruz burukoaren final zortzirenetako kanporaketetan, Unai Alberdi Alberdi II.a azpeitiarrak 22-10 hartu zuen mendean Iker Salaberria Logroñon, eta Xabi Rekaldek 22-13 irabazi zion Iosu Eskirozi Labastidan. Horrenbestez, Alberdi II.ak eta Rekaldek neurtuko dituzte indarrak ostiralean Azkoitian.
Binakako partidan, azkenik, Zubizarreta IV.ak eta Ugartemendiak Apezetxea II.aren eta Erostarberen kontra jokatuko dute Gurean. Jaialdirako sarrerak salgai daude Entradas Fronton webgunean.




