Pozik eta eskertuta hartu du Arritxu Iribar kazetariak, Euskal Herriko Itzuliaren amaieran, euskal txirrindularitzaren munduak eskainitako omenaldia. Txirrindularitza du kirol kuttunena, eta aitortza hau bere ibilbide profesionalaren amaieran iritsi zaio.
“"Oso-oso polita da norberaren ibilbide profesionalari halako bukaera bat ematea. Ez dut uste merezi nuenik, hainbat kazetari pasatu dira eta ez dute halako agurrik jaso; haiek guztiak nituen gogoan une horietan."
Omenaldia jaso dutenei bihotz-bihotzez eskerrak eman dizkie, eta azpimarratu du txirrindularitzarekin lotuta jarraituko duela, batez ere bide bazterretik animoak emanez. Itzuliko antolatzaileek sare sozialetan goraipatu dute Iribarrek ziklismoari egindako ekarpena eta Euskadi Irratian izandako ibilbidea.
Omenaldian Bergarako (Gipuzkoa) Lokatza Ziklismo Eskolak ere parte hartu du. Aurtengo Euskal Herriko Itzuliaren azken etapa Bergaran amaitu da, proba esanguratsu honi amaiera emanez.




