Haurtzaroa hizpide, bigarren Pote Filosofikoa Azpeitian

Kulturaz kooperatibak eta Txinparta filosofia elkarteak antolatutako ekimenak haurtzaroari buruzko hausnarketa sustatuko du Sanagustin kulturgunean.

Irudi generikoa, mahai baten inguruan eztabaidan ari den jende talde txiki bat, mikrofono bat lehen planoan.
IA

Irudi generikoa, mahai baten inguruan eztabaidan ari den jende talde txiki bat, mikrofono bat lehen planoan.

Azpeitiko Sanagustin kulturguneak apirilaren 8an, asteazkenarekin, hartuko du Pote Filosofikoak ekimenaren bigarren saioa, non parte-hartzaileek haurtzaroaren inguruko gogoetak partekatuko dituzten.

Kulturaz kooperatibak eta Txinparta filosofia elkarteak elkarlanean martxan jarritako Pote Filosofikoak egitasmoak bigarren hitzordua du. Lehen saioa, martxoaren 4an, kuadrillen inguruan izan zen, eta izandako harrera onak bultzatu du bigarren saio hau antolatzea, oraingoan haurtzaroa gai nagusi hartuta.
Ekimen honen helburua da herritarrek, giro lasai eta lagunartekoan, beren iritziak eta hausnarketak partekatzeko gune bat izatea. Saio bakoitza aditu batek gidatzen du, aukeratutako gaiaren sarrera eginez eta eztabaida bideratuz. Lehen saioan Irati Zubia izan zen gidaria, eta etziko saioa Iñigo Martinez Peña filosofo eta irakasleak gidatuko du.

Zer da haurtzaroa?

Galdera horretatik abiatuta, Martinez Peñak hausnarketarako eta iritziak trukatzeko bidea emango die Sanagustin kulturgunean 18:30etik aurrera elkartzen direnei. Saioa irekia da, eta nahi duen orok har dezake parte, aurrez izena eman beharrik gabe.