Abuztuaren 8an izandako ekaitzek kalte ugari eragin dituzte Aramaioko udalerrian. Bi kilometroko zabaleran eta zazpi kilometroko luzeran hedatu ziren, eta guztira 1400 hektarea inguru kaltetu dira. Hasieran, hegoaldetik sartu zen ekaitza, eta zazpi minutuz txingorra bota zuen; atsedenaldi baten ostean, iparretik jo zuen berriro gogor. Bi aste igaro ondoren, ondorioak nabarmenak dira oraindik, bereziki baso landaketa gazteetan, sagardietan eta ortuetan.
Etxebizitzetan ere kalteak eragin zituen txingorrak. Ibarran, esaterako, kanaloi asko zulatuta geratu ziren, eta parrokia ere kaltetuenen artean izan zen. Zenbait etxebizitzatako paretak kolpatuak izan ziren, eta ortu asko birrinduta gelditu ziren. Auto batzuek ere pitzadurak jasan zituzten, eta horien kalte ordainak aseguru-etxeekin kudeatu beharko direla adierazi du Udalak. Barajueneko ortuek eta Zalgoko sagarrek ere kalte handiak jasan zituzten, eta auzo horietan uztaren zati handi bat galdu da.
Basoan, kalteak larriagoak dira eta ez ditu aseguru-etxeek ordainduko. Besaidetik hasi, Tellamendi eta Izpizte ingururaino doan basoan, hamar urte baino gutxiagoko konifero eta pinudi gazteek jasan dituzte txingorraren ondorio zuzenenak. Zauritutako zuhaitzetan infekzioa sartzeko arriskua handia da, eta horrek pinudi osora zabaltzeko aukera ere badakar. Adituek Asier Agirre alkateari azaldu diotenez, baliteke baso horietan berriz ere deforestazio eta birlandaketa lanak egitea, galera ekonomiko handiekin.
Kalte horiek direla eta, alkatea Arabako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri da lehen balorazio bat egiteko. "Foru Aldundiko teknikariekin lursailak ikusten aritu gara, eta egoerak beldurtu egin zituen", adierazi du Agirrek.
Udalaren asmoa da txingorrak eragindako kalteen ikuspegi orokorra jasoko duen txosten bat egitea eta Aldundiari aurkeztea. Horrela, datorren urterako basoetako hondamendia arintzeko diru laguntza bat lortzea espero dute. Horretarako, herritarrei laguntza eskatu die Udalak: "Eskertuko genuke herritarren lurretako zein jabetzatako –ortu, etxebizitza, mendi edo fruitu-arbola– kalteen argazkiak eta informazioa bidaltzea [harrera@aramaio.eus](mailto:harrera@aramaio.eus) helbidera", azaldu dute.
Azkenik, Agirrek ekaitzaren ondoren herritarrek izandako jarrera txalotu nahi izan du. Herritarrak izan ziren errepideak garbitzen eta herria lehengoratzen lehenak, eta horren aurrean esker ona adierazi die.




