EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak azpimarratu du mozioaren bidez "bi garai historiko" horiek izandako garrantzia politiko eta instituzionala gogoratu nahi izan dutela. "Foruen abolizioak galera handi bat suposatu zuen herriarendako, autogobernuari eta eskubide historikoei begira. Kanpotik ezarritako neurri bat izan zen", adierazi du. Aurrera begirako erronka konplexuei aurre egiteko, "tresna politiko-instituzional egoki batzuk" edukitzea ezinbestekotzat jo du, eta horretan udalek duten paper garrantzitsua nabarmendu du, "Alkateen Mugimenduan" adierazi bezala.
EAJko bozeramaile Kepa Sebalek ere efemeride garrantzitsua dela adierazi du, eta EAJren asmoa dela Euskal Herriko udal guztiak beste pauso bat ematera animatzea. Sozialisten ordezkari Alberto Alonsok, ordea, kontra bozkatu du, "biztanleriari etorkizunera begira hitz egin nahi diogulako, ez iraganera begira", argudiatuta.
Bestalde, EAJk aurkeztutako eta aho batez onartutako mozio batek Baxoa azterketa euskaraz egiteko eskubidea bermatzea babesten du. Sebalek "zentzu komunetik egindako eskakizuna" dela esan du, "bakoitzak bere ama hizkuntzan edo nahi duen hizkuntza ofizialean aurkezteko aukera edukitzea".
Usabiagak mozioaren alde agertu bada ere, egoera hori Euskal Herrian hiru administraziok eragiten dutelako eta hizkuntza legeak ezberdinak direlako, ondorioz hizkuntza eskubideak ere ezberdinak direla Euskal Herriko toki bakoitzean gaineratu du. "Euskaldun guztiok hizkuntza eskubide berberak izan beharko genituzkeela" aldarrikatu nahi izan dute.
Alberto Alonsok, bere aldetik, mozioan hizkuntza eskubideen defentsa aldarrikatzen dela eta euskara "Bidasoaren bi aldeetan dagoenez finkatuta" ados daudela adierazi du.




