Urtero legez, Zarauzko malekoia saskibaloiaren festa gune bilakatuko da asteburu honetan. ZAST Zarauzko saskibaloi taldeak antolatzen duen 3x3 txapelketa, 1998tik urtero ospatzen dena, Gipuzkoako lurraldeko zirkuituaren parte da eta udalerriko zein eskualdeko kirol egutegiko hitzordu garrantzitsua da.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 133 taldek eman dute izena dagoeneko txapelketan, eta pozik agertu dira jasotako erantzunarekin. Interesa dutenek oraindik aukera dute izena emateko, bihar eguerdiko 12:00ak arte. Izen-ematea txapelketarako sortutako formulario digitalaren bidez egin daiteke, saskibaloi taldearen Instagram kontuan aurki daitekeen esteka erabiliz.
Txapelketako parte hartze kuotak aldatu egiten dira kategoriaren arabera. Mini, infantil, kadete eta junior mailetan, talde bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu oinarri gisa, eta jokalari gehigarri bakoitzeko 5 euro gehiago. Kuadrillen txapelketan, berriz, 25 euro taldeko eta 5 euro jokalari bakoitzeko. Gisaski txapelketan, Gipuzkoako zirkuituko senior mailan, taldeko 50 euro koa izango da inskripzioa.
Ekitaldia ostiral arratsaldean hasiko da, 15:30 aldera, junior eta kadete mailetako partidekin. Larunbatean, 10:00etan hasita, infantil mailakoak arituko dira, eta arratsaldean kuadrillen arteko norgehiagokak izango dira. Igandean, egun osoan zehar jokatuko dira partidak: goizean mini mailakoak eta arratsaldean senior mailako Gisaski txapelketa, gizonezko zein emakumezkoentzat.
Xabier Vazquez antolakuntzako kideak azaldu duenez, aurten abuztura atzeratu behar izan dute txapelketa, uztailean egitekoa bazen ere. "Abuztuak duen alde txarra da senior mailako talde asko denboraldiaurrean murgilduta egoten direla", adierazi du, jokalari batzuk parte hartzera animatzen ez direla nabarmenduz.
Garai batean federatuen eta herrikoien txapelketak bereizten ziren arren, urteak dira biak batera antolatzen direla. Vazquezek nabarmendu duenez, Gisaski zirkuitukoa da txapelketa serioena, baina kuadrillen arteko partidak ere dibertigarriak eta parte hartzea sustatzeko balio dutela gaineratu du. Azkenik, azpiko mailetako jokalariei lagun giroan saskibaloian aritzeko aukera paregabea eskaintzen diela azpimarratu du, opor garaian herriko zein kanpoko jokalari asko erakartzen dituena.
Txapelketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, 623 16 95 54 telefono zenbakira deitu edo zastzarautzsaskibaloia@gmail.com helbidera idatz daiteke.




