Tokixan-ek nekazaritza ikastaroa eskainiko du Debagoienean

Eremu agroekologikoan espezializatu nahi dutenentzat, ekoizle izateko bidea errazteko diseinatua.

Irudi generiko bat nekazaritza ikastaro bati buruzkoa.
IA

Irudi generiko bat nekazaritza ikastaro bati buruzkoa.

Tokixan egitasmoak nekazaritzan instalatu nahi dutenentzat ikastaro teoriko-praktikoa antolatu du Debagoienean, agroekologia eta ekonomia sozial eraldatzailea ardatz hartuta.

Izena emateko epea ekainaren 15era arte egongo da zabalik, eta gehienez hogei lagunek parte hartu ahal izango dute. Ikastaroa martxan jartzeko, gutxienez hamar ikasle beharko dira. Biolur, Ekintzakoop, Mondragon Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) aritu dira ikastaroaren diseinuan, sektoreko aditu eta erakundeen laguntzarekin.
Ikastaroak bi zati nagusi izango ditu. Lehenengoak, sarrera edo hastapen atalak, elikadura-burujabetza, agroekologia eta ekonomia sozial eraldatzailea jorratuko ditu. Saioak azaroko astearte eta ostegun arratsaldeetan izango dira, Bergaran, 15:00etatik 19:30era.
Bigarren zatia, berriz, teoriko-praktikoa izango da. Oinarri teorikoak Oñatin landuko dira urtarriletik martxora bitartean, astearte eta ostegun goizetan, eta martxotik ekainera ostiraletan, 09:00etatik 13:30era. Praktikak eskualdeko baserrietan egingo dira martxotik aurrera, astelehenetik ostegunera.
Gaitegian, besteak beste, baratzezaintza agroekologikoa, lurzoruaren kudeaketa, biodibertsitatea, nekazaritza birsortzailea, hazien ugalketa, kooperatibismoa, marketin komunitarioa, bideragarritasun ekonomikoa eta arautegia landuko dira. Ikastaro osoaren prezioa 150 eurokoa izango da, eta hastapen ikastaro soilik egiteko aukerak 50 euro balio ditu.
Tokixan egitasmoaren koordinatzaileak, Mikel Roman Larrabek, azaldu duenez, "helburu nagusia da etorkizunean nekazaritzan ekoizle izan nahi duen edozein pertsonari bidea errazteko ikastaroa izatea". Nabarmendu du Debagoienean nekazaritza profesionalen beherakada nabarmena dela, bereziki barazki-ekoizpenean, eta ahalegin hori beharrizan horri erantzuteko egiten dela.
Romanek gaineratu du ikastaroak bi arlo uztartuko dituela: bata, ekoizpenari lotutako agronomoagoa; bestea, enpresa edo proiektu bat sortzeari begirako ekonomikoagoa. Eredu agroekologikoa eta ekonomia sozial eraldatzailea izango dira oinarrian. Gainera, jarraipena egingo zaio parte-hartzaileari eta instalatzeko pausoa ematen lagunduko zaio.
Tokixan-ek jarraipena, bidelaguntza, test-gunea eta bestelako baliabideak eskainiko ditu nekazaritzan instalatzeko. Egitasmoaren helburuen artean ekoizleen arteko elkarlana sustatzea eta baliabideak partekatzea dago. Izen-ematea Tokixan-en webgunean edo tokixan@tokixan.eus helbidera idatzita egin beharko da.