Josu Merino eskalatzaileak eman zion hasiera ekimenari, Mendietxe museoan egindako solasaldi batean. Bertan, munduko hainbat txokotako hormetan bizi izandako esperientziak azaldu zituen jendaurrean.
Gaur, berriz, Iker eta Eneko Pou anaiek hartuko dute lekukoa. Gasteizko bikoteak naturako elementuei aurre egiteko ahaleginetan jardun du azkenaldian, eta 'Lau elementuen erronka' izenburupean osatu duten kontakizun ikusgarria aurkeztuko dute Soreasu antzokian, 19:00etan.
Bihar, Mikel Lizarralde eibartarrak partekatuko du bere esperientzia. Duela zortzi urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten arren, kirola eta mendiarekiko harremana mantentzen jarraitu du. 'Zazpi' proiektuan bildu du gaixotasunaren diagnostikotik egindako bidea, eta dokumental bat ere sortu du Pello Osoro eta Maite Arroitajauregi Mursego herrikideekin batera. Saioa Mendietxe n izango da, 19:00etan.
Esperientzia paregabeak partekatuko dituzte mendizaletasunaren eta alpinismoaren inguruan.
Bestalde, datorren igandean, maiatzeko azkenekoan, Xoxoteko Eguna ospatuko du Lagun Onak mendi bazkunak. Goizeko 09:00etan plazan elkartuko dira herritarrak, eta elkarrekin igoko dira tontorrera. Bertan, 12:00etan meza eta 12:45ean lore eskaintza izango dira, jarraian gaztetxoen artean dominak banatuko direlarik eta paella jateko aukera izango delarik aterpean.




