Sai erasokorrak: Durangaldean ahulezia duten animaliei egindako erasoak ugaritu dira

Azken urteetan saiak portaera aldatu du, eta gero eta ohikoagoak dira ardiei eta bildotsari egindako erasoak.

Irudi generikoa putreen hegaldiari buruzkoa.
IA

Irudi generikoa putreen hegaldiari buruzkoa.

Azken urteetan saiak portaera aldatzen ari dira, eta gero eta ohikoagoak dira makal dauden animaliei egindako erasoak, Durangaldean bereziki.

Saiak animalia sarraskijaleak diren arren, azken urteetan haien portaera aldatzen ari dela nabaritu dute bai abeltzainak eta baita erakundeetako teknikariek ere. Gero eta ohikoagoak dira putreek makal dauden animaliei egindako erasoak. Durangaldean jaso den azken gertaera joan zen asteko barikuan izan zen, Gerediaga auzoko baserri batean. Ehun sai inguruko talde batek ardi bat eta haren bildotsa hil zituen. Ardien jabeak txakurren zaunka entzun zituenean artaldera joan zen, eta bertan aurkitu zuenak zur eta lur utzi zuen: sai talde handi bat ardi bati eta haren bildotsari erasotzen ari zen. Egoera horren aurrean, baserritarrak ezin izan zuen ezer egin. "Bildotsa orain bi egun jaio zen eta landara atera genituen beste ardiekin batera. Egoera ezin sinestekoa zen. Saiek gerrirainoko altuera zuten eta ehun inguru izango ziren. Inoiz ere ez zaigu halakorik gertatu", azaldu dute kaltetuek.
Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu bat dauka erasoak gertatzerakoan kasua aztertzeko. Babestutako animalia baten erasoengatik behiak edo ardiak hilez gero, kalte ordaina eskatzeko aukera dago. Iaz, Bizkaian saiek egindako 72 eraso zenbatu zituzten, eta horietatik %80 Karrantza inguruan gertatu ziren. Durangaldean, Elorrio eta Zornotzan izan ziren erasoak. Aurtengo 2026an dagoeneko 41 kasu erregistratu dira, horietatik 26 Karrantzan, eta gainerakoak Durangaldeko hainbat herritan: Berriz, Zornotza, Mallabia, Mañaria eta Abadiño.
Iñaki Arrazola, Bizkaiko Foru Aldundiko Abelzaintza Zerbitzuko buruak, azaldu duenez, azken hamarkadetan handitzen joan diren bi sai kolonia daude Bizkaian: "Sai koloniarik handiena Karrantza ingurukoa da. Horren ondoren, Urkiola ingurukoa dugu". Saien eragin eremua 100 kilometro ingurukoa dela kontuan hartuta, portaera-aldaketa hauek hainbat arrazoiri erantzuten diela argitu du Arrazolak: "Azken 30 urteotan ganadu kopurua asko jaitsi da. Abelburu gutxiago egonik, mendietan ez dago lehen beste animalia. Gainera, 2000. urtean behi zoroen krisiaren eraginez, hildako animalia guztiak erretzen hasi ziren. Ondorioz, saiek topatzen zutena gutxitu egin da".