Martirietako auzoan Pentekoste jaiak ospatuko dituzte bihartik igandera arte. Auzotarrek prestatu duten egitarauak askotariko ekintzak biltzen ditu, eta ez dira faltako mus txapelketa, bertso afaria, pilota partidak eta umeentzako jolasak.
Ostiralean, bihar, mus txapelketa azkarra izango da auzoan bertan. Izena emateko aukera 21:00etatik 21:45era izango da, bikoteko 30 euro ordainduta. Txapelketa 22:00etan hasiko da, eta irabazleek 500 euro eta txapelak eskuratuko dituzte, beste sari batzuen artean.
Jaiak ofizialki larunbatean hasiko dira, 19:00etan suziria botaz. Ondoren, trikipoteoa egingo dute Garixe eta Trino trikitilariek lagunduta. 21:30ean hasiko den bertso afarirako sarrerak 45 euro balio du, eta Maddi Agirre, Eneritz Artetxe, Aratz Igartzabal eta Ibai Urdangarin arituko dira bertsotan.
Igandean, ekitaldiak egun osoan zehar luzatuko dira. 10:00etan meza nagusia izango da Emeterio eta Zeledonio ermitan, eta ondoren hamaiketakoa eskainiko dute Martitteko Bentan. Eguerdian, umeen pilota partidak jokatuko dituzte auzoko frontoian, eta 14:00etan bazkaria izango da, 35 euroren truke. Arratsaldean, umeentzako jolasek eta merendola batek emango diote amaiera festei.
Bertso afarirako zein igandeko bazkarirako erreserbak aldez aurretik egin behar dira, 638 42 71 68 telefono zenbakira deituta.
Aurten ere autobus zerbitzua egongo da herrigunetik auzora joateko eta itzultzeko. Larunbatean, 19:30ean joan eta 03:00etan itzuli. Igandean, 11:00etan eta 16:30ean joan, eta 14:00etan eta 19:00etan itzuli.




