Udaletxeko balkoitik jaurtitako txupinazoak emango dio hasiera jai giroari Otxandio herrian, uztailaren 17an. Jaiak bi astez luzatuko dira, eta ekitaldi ugari izango dira, besteak beste, Urduri dantza taldearen emanaldia, Oihandi abesbatzak abesturiko Salve Regina, umeentzako jolasak eta puzgarriak, kuadrillen arteko play-backa, herriko bandaren kalejira, sokamuturra eta San Martineko paella txapelketa.
Aurtengo ospakizunek berezitasun bat izango dute: 1936ko bonbardaketaren 90. urteurrena gogoratuko dute. Bonbardaketa hark, Gerra Zibileko lehenengoetako batek, 61 hildako eta zauritu ugari eragin zituen uztailaren 22an. Urtero bezala, omenaldia egingo da Andikona plazan, baina aurten modu berezian gogoratuko dute data hori. Goizean, Vicinay-ko adarra eta su kanpaiak joko dituzte, eta arratsaldean, 'Kanpaien oroimena, herriaren arnasa' ekitaldia izango da, lore eskaintza eta karrilloi zein kanpai kontzertu parte hartzaile batekin. Egunean zehar, emakumeen soka-dantzak eta Ane Gebara k sorturiko 'Haritik tiraka' antzezlanak borobilduko dute egitaraua.
Musika eskaintza ere zabala izango da. Lehenengo asteburuan, Gozategi, Altxa Porru plaza taldea eta Korrontzi arituko dira oholtzan. Bigarrenean, berriz, Nafarroa 1512 eta Linea Roja taldeen rock doinuek girotuko dute gaua, eta Xaukena Xauk-ek parrandarako grina piztuko du.
Herri kirolen erakustaldia eta goi mailako pilotari profesionalen arteko esku pilota partiduak ere izango dira. Jaiak ohiko 'Agur Santa Marina' abestuz agurtuko dituzte.
Uztailaren 20a Gaztetxoen Eguna izango da. Ohiturari jarraituz, 6. mailako ikasleek botako dute txupina udaletxeko balkoitik. Ondoren, puzgarriak, ur jolasak eta tailerrak izango dituzte plazan, eta 15:00etan bazkaria egingo dute. Arratsaldean, bits festa eta merienda izango dira, eta eguna amaitzeko, DJ Raiztik musika jarriko du.
Jaietan zehar, eraso sexistei aurre egiteko protokoloa aktibo egongo da.




