Herritarrek bi aukeren artean aukeratu ahalko dute: frontoia Palotan ala Abaromendin kokatzea. Botoa Turismo Bulegoa n eman beharko da, eta Orion erroldatuta dauden 18 urtetik gorako oriotarrek izango dute parte hartzeko aukera. Udalak informazio-eskuorria banatuko du etxez etxe eta informazio zabalagoa eskainiko du Guk Oriori atarian eta Turismo Bulegoan bertan. Gainera, bozketaren aurretik bilera irekia egingo da zalantzak argitzeko.
Bozketarako ordutegia zehaztuta dago: ekainaren 5ean eta 6an, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara; eta ekainaren 7an, 09:30etik 13:30era. Parte hartzeko, Orion erroldatuta egon behar da 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen eta bozketa egunean 18 urte beteak izatea. NAN edo baliozko dokumentu ofiziala aurkeztu beharko da identifikazio gisa. Botoen zenbaketa ekainaren 7an, 20:00etan hasiko da, udalbatzarraren aretoan, jendaurrean eta idazkariaren aurrean.
Udalak argi utzi du proposamenak ez direla behin betiko proiektu itxiak, baizik eta kokaleku bakoitzaren aukerak aztertzeko landutako aurreproiektuak. Horrez gain, galdeketa ez dela loteslea izango legez, baina udal alderdiek konpromiso politikoa hartu dute herritarren hitza errespetatzeko. Emaitzen arabera, alderdiek dagokion batzordean eta udalbatzarrean erabakiko dute frontoi berriaren behin betiko kokalekua, herritarren gehiengoaren nahia oinarri hartuta.
Udalak herritarrei dei egin die informazioa arretaz aztertzeko eta parte hartzeko, "frontoi berriaren kokalekua herriaren etorkizuneko ekipamendu sareari lotutako erabaki garrantzitsua da eta oriotarren iritzia jasotzea ezinbestekoa da" adierazi du.
Prozesuaren abiapuntuan hiru elementu nagusi daude: frontoi zaharraren eremuaren egoera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) garapena eta herriko ekipamendu beharrei erantzuteko ekintza plana. HAPOren lanketarekin, frontoia Palotan kokatzeko aukera berria zabaldu da. Bi kokalekuen aurreproiektuak XS arkitektura bulegoarekin elkarlanean landu dira.




