Nahia Arguiz gimnasta eibartarra nagusi izan zen Leioan jokatu zen Euskadiko Banakako Federatu Absolutu Txapelketan, Máster mailan. Urrezko dominak eskuratu zituen uztai eta pilotarekin, eta sailkapen nagusian ere lehen postua lortu zuen. Bere hurrengo helburua Guadalajaran jokatuko den Espainiako Banakako Txapelketa izango da, ekainaren 13tik 17ra.
Lehiaketa berean, Arrate Bascaran bosgarren sailkatu zen kategoria seniorrean, bai sailkapen nagusian, bai uztai, pilota eta zinta ariketetan.
Joan den asteburuan, berriz, gimnasta amateur senior eta jubenilak aritu ziren Durangon ospatutako Euskadiko Txapelketaren lehen zatian. Gorane Mendibe hirugarren izan zen pilotan, eta laugarren uztaian eta sailkapen nagusian. Irati Unamuno seigarren izan zen A Jubenil mailan, eta Lía Romano bosgarren A Seniorrean.
Denboraldia asteburu honetan amaituko da. Larunbatean, kadete eta senior máster mailako gimnasta eibartarrak arituko dira Durangon. Igandean, berriz, Club Ipuruak bere ikasturte amaierako erakustaldia egingo du 10:15etik aurrera.




