Duela urte batzuk Murrukixo Mendizale Elkarteko zuzendaritza batzordean parte hartu zuten pertsonak elkartu ziren berriki Garain. Topaketa honek garai berezi bat gogoratzeko balio izan zuen, non heldu pazientziadun batzuek eta nerabe talde batek elkarrekin lan egin zuten elkartearen gidaritzan.
Nerabe talde hark aurreko kideek utzitako lekukoa hartu zuen, eta urte batzuetan bilerak antolatzen, ekintzak eta irteerak egiten aritu ziren. Parte hartu zuten guztientzat garai aberasgarria izan zela eta bizipen ederrak gordetzen dituztela adierazi dute.
“"Guretzat oso garai berezia izen zen, pazientzia handiko heldu batzuk eta neska-mutil nerabe talde batek topo egin genuelako elkarteko zuzendaritza batzordean."
Zapatuko ospakizuna iraganeko oroitzapenak berreskuratzeko eta berriro elkarrekin egoteko aukera izan zen. Horretarako, mendi irteera bat egin zuten lehenik, eta ondoren elkarrekin bazkaldu zuten. Egun horretarako prestatutako ikus-entzunezko bat ere ikusi zuten, eta batzuek bilera beranduago arte luzatu zuten.
Topaketa hau aitortza egiteko ere baliatu zen. Elkarteko kideek garai hartako lehendakari eta kontu-hartzaile izan ziren bi pertsona eskertzeko aprobetxatu zuten unea.
Gainera, zapatuan erabaki zuten bi urte barru, gutxi gorabehera, Murrukixo elkartearen sorreraren 40. urteurrena betetzen denean, deialdi orokor bat egitea, urte horietan guztietan elkartearen inguruan jardundako jendea batzeko asmoarekin.




