Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako egitarauaren baitan, Zelaietako erakusketa gelak bi arte-erakusketa esanguratsu hartuko ditu irailaren zehar. Lehenik eta behin, Mª Tere Ugarriza Rekalderen lan monografikoa izango da ikusgai, eta ondoren, Pintzelak elkarte zornotzarrak antolatutako “Ekialdea” talde-erakusketak hartuko du lekukoa.
Irailaren 1etik 13ra bitartean, Mª Tere Ugarriza Rekalderen “Margotzea izan da nire ametsa txikitatik” izeneko erakusketa bisitatu ahal izango da. Pintzelak elkarteak artistari eskainitako lehen hamabostaldia aukeratu du, haren ibilbidea aitortzeko eta lana gertutik ezagutzeko.
Ondoren, irailaren 14tik 26ra, Pintzelak elkartearen “Ekialdea” talde-erakusketak beteko du aretoa. Erakusketa honek, bere lanen bitartez, “denbora geldiarazi eta kolorearen bitartez kultura-zubi bat eraikitzea” du helburu.
Bi erakusketak zentroaren ohiko ordutegian bisitatu ahal izango dira: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:30era; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 16:00etatik 20:00etara.




