Udako sasoia hastera doan honetan, Durangok ateak irekiko ditu berriro ekainaren 18an Tabirako igerilekuetara eta Aramotz zein Tabirako ur parkeetara. Irekiera honek bat egingo du Tabira Kirolgunearen eraldaketa estrategikoarekin, udalerriko kirol instalazioen zati handi bat aldatuko duen 2023-2027ko Legegintzaldi Planaren barruan.
Udalak udako hilabeteetan igerilekuen funtzionamendua bermatu nahi izan du, nahiz eta gunean obrak egiten ari diren oraindik. Datozen egunetan, iragazketa gela berria amaituko da eta probak egingo dira udako kanpaina osoan instalazioen funtzionamendu egokia ziurtatzeko.
Denboraldiko bonoak bihar, osteguna, maiatzaren 21etik aurrera eskuratu ahal izango dira, bai Durango Kirolak APParen eta www.durangokirolak.net webgunearen bidez, baita aurrez aurre ere Landako II bulegoan. Udalak arreta fisikoa eta tresna digitalak uztartuz sarbidea erraztu nahi du.
Obrak aurrera doazen bitartean, erabiltzaileek aldi baterako aldagelak izango dituzte aurten ere, berrurbanizazioaren fase berri bat hasi aurretik erabiliko direnak. Horrez gain, futbol zelaiko hainbat aldagelak dutxatzeko gune gisa egokituko dira, sarrera espezifikoarekin, denboraldiko beharrei erantzuteko.
Iker Txertudi Kiroletako zinegotziak azpimarratu duenez, "udako igerilekuen irekiera bermatzea lehentasuna zen Udalarentzat", eta ziurtatu du lanak "erritmo onean" doazela aurreikusitako epeak betetzeko. Bere azalpenen arabera, Tabiraren eraldaketak "mugarri bat suposatuko du Duran-goko kirolarentzat, sakon berritzeko beharra zuten instalazioak modernizatuz".
Udako kanpaina amaitu ondoren, Udalak urrian hasiko ditu aldagela berrien eta etorkizuneko kafetegiaren obrak, instalazioak gehien erabiltzen diren hilabeteetan etenak saihesteko. Tabira Kirolgunearen eraberritze integrala faseka garatuko da 2026 eta 2028 artean, eta multikantxa berri bat eta futbol zelaiaren berritzea ere izango ditu, herritarrentzat espazio modernoagoa, funtzionalagoa eta eskuragarriagoa sortzeko helburuarekin.




