Aurtengo San Joan bezperan, beroak protagonista izango du, eta horren harira, Azpeitiko Udalak neurri berriak ezarri ditu. Bi lekuetan piztuko diren suak, plazan zein Urrestillan, txikiagoak izango dira, herritarren osasuna babesteko eta bero kolpeak saihesteko.
Plazako ekitaldia 22:00etan hasiko da, eta Urrestillan, berriz, gauerdiaren bueltan piztuko dute sua. Bi kasuetan, sua hesiz inguratuko dute eta debekatuta egongo da hesia pasatzea edo sutara objekturik botatzea. Gainera, udalak debekatu egin du landa eremuetan sua piztea.
Herritarren osasuna arriskuan ez jartzeko hartu du neurri hori erakundeak.
Tenperatura oso altuak direla eta, Eusko Jaurlaritzak alarma gorria ezarri du bihar eta etzirako. Horren ondorioz, bihar, asteartez, azokako plazako postuak 11:30ean jasoko dituzte, eta Azoka Plazakoek ohiko ordutegia mantenduko dute.
Gainera, alarma gorria indarrean den egunetan, Basazabal jauregia 22:00etara arte eta Soreasuko Sebastian Donearen eliza 20:00etara arte irekita egongo dira, herritarrak berotik babesteko. Udalak beroari aurre egiteko babes gomendioak arretaz betetzea ere aholkatu du.




