Legazpi ko San Inazio auzoan prest dira dagoeneko aurtengo jaiak hasteko. Ostegunetik larunbatera bitartean ospatuko dira ekitaldiak, eta berritasun nagusia ostiral eguerdian izango den Munduko Arrozak festa izango da. LEGA Legazpiko Gazteak, TxoEsna txosna elkarteak eta auzotarrek osatutako jai batzordearen ekimenez antolatu dira jaiak.
Antolaketa taldeko Ainhoa Gabilondo k adierazi duenez, «gogoarekin» daude jaiak hasteko, lan handia egin ondoren emaitzak ikusteko irrikan. Buskabaso auzo elkartearen lankidetza nabarmendu du, eta jaietako «xarma berezia» mantenduko dutela azpimarratu du, «betiko auzoa» delako eta txikitatik duten atxikimenduagatik. Tabernarik ez egon arren, giro aparta sortzen dela eta musika estiloa zaintzen dutela gaineratu du, adin guztietako ekintzak eskainiz.
Aurtengo berritasun nagusia, Munduko Arrozak festa, San Inazio egunean bertan ospatuko da, herriko hainbat elkarte eta eragileren partaidetzarekin. Helburua kulturartekotasuna eta elkarbizitza bultzatzea da, herrialde ezberdinetako arroz errezetak partekatuz. Festa hau auzoa eta ingurua gehiago zaintzeko aldarri ere bada.
Festa hau Legazpi ko hainbat eragile eta dendaren laguntzarekin antolatu da, besteak beste, Mundutik Legazpira, Taupada, Buztintegi, Lekanazpi, Olamendi Eskola, Amelar fruta eta barazki denda, Laubide Jatetxea, Obena harategia, Perez de Arenaza kontserbak eta Sustrai fruta denda. Arroza prestatuko duten herrialdeak: Peru, Nikaragua, Nigeria, Kosta Rika, Pakistan, Kuba, Senegal eta Euskal Herria.
Eguerdian hasiko dira arrozak prestatzen, eta doako edari bereziak banatuko dituzte. Arroza ere doakoa izango da, baina borondatea emateko aukera izango da Taupada eta Mundutik Legazpira elkarteentzat. Haurrentzako ludoteka eta jolas kooperatiboak ere izango dira, anti-arrazakeria ardatz hartuta.
Egitarauak musika, kirola eta gastronomia uztartzen ditu. Ostegunean, txupinazoa, txorizo pintxoak, buruhaundiak eta patata tortilla lehiaketa izango dira. Ostiralean, Munduko Arrozak bazkaria eta mendi lasterketa. Larunbatean, mus txapelketa eta herri kirolak.




