Kaparrak taldeak 'Goreti' bigarren lana kaleratu du, zazpi kantu berrirekin

Aretxabaletako bederatzi lagunek osatutako musika taldeak bere bigarren diskoa aurkeztu du, euskaraz zein gaztelerazko abestiekin.

Irudi generikoa musika talde bati buruzkoa.
IA

Irudi generikoa musika talde bati buruzkoa.

Aretxabaletako Kaparrak musika taldeak bere bigarren lana, 'Goreti', plazaratu du, zazpi abestiz osatua eta euskaraz zein gaztelerazko doinuekin.

Aretxabaletako Kaparrak musika taldea 2023an sortu zen "kuadrilla giroan", eta taldekideek azaldu dutenez, "ez ginen futbolean onak, eta gure aisialdiari irtenbide bat topatu guran abiatu genuen". Bederatzi lagunek osatzen dute taldea, eta haien artean badaude musika eskolan ibilitakoak zein aurrez beste taldeetan arituak. Gaur egun, ordea, kide guztion musika-proiektu bakarra da Kaparrak.
Taldeak taula gainean erakusten duen jarrera eta izaera ganberro eta dibertigarria publikoak eskertzen du, eta horrek Euskal Herriko musika-mapan bere lekua egin dio Aretxabaletako taldeari.
2025ean argitaratu zuten estreinako lana, 'Urtzi' izenekoa, eta orain, 'Goreti' izeneko bigarren lan hau kaleratu dute. Biak ala biak Aretxabaletako Kuartelean grabatu dituzte, oraingoan Peio Uribetxeberriaren gidaritzapean. Lan berriak zazpi abesti jasotzen ditu, eta "ez diogu mugarik jartzen sorkuntzari", taldekideen esanetan; euskaraz, gazteleraz eta bi hizkuntzak nahastuta sortutako kantuak aurki daitezke.
Taldeak ez du gustuko egiten duen musika etiketa bakarrean definitzea, "doinu askoren nahasketa" dela adierazi dute, nahiz eta runba estiloa eta doinu dantzagarriak oinarri izan. "Barnean izan ditugun muga horiek apurtzera joan gara bigarren bilduman", eta horrela, "abesti ezberdinak" atera dira, betiere beren estiloarekin eta izaerarekin bat egiten dutenak. Hitzei dagokienez, "zerbait herritarragoa" sortu nahi izan dute, "hitzekiko identifikazioa" bilatuz. Bilduma berriaren diseinua, berriz, Idoia Elexpuru aretxabaletarrak egin du.
Urteko lehen hiru hilabetetan grabatutako kantuak banan-banan argitaratzen joan dira plataforma digital guztietan, baita Spotifyn ere. Oraingoz, ez dute formatu fisikoan argitaratzeko asmorik. Gainera, abesti bakoitzak bere bideoklipa du; gehienak taldekideek beren kabuz grabatu eta ekoitziak dira, baina beste batzuk, besteak beste, Beñat Abasolok, Ainara Platak eta Laura Solak ekoitziak ere badaude.
Ez dute bilduma berriaren aurkezpen-kontzertu "ofizialik" egiteko asmorik, baina jendaurrean kantatzen ari dira jada. "Aurreko asteburuan, Gasteizko Bat Batean jaialdian izan ginen; oso gustura! Sekulako jendetza batu zen, eta guztiak dena ematen, kantuan eta dantzan", adierazi dute.