Ikasturtea amaitzear denean, ikasitakoa plazaratzeko aukera paregabea eskainiko du Juan Antxieta musika eskolak. Asteazkenean, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita, Musika Familian kontzertua ospatuko da. Bertan, hamar taldek parte hartuko dute, familiako kide ezberdinek osatutakoak, hala nola lehengusuak, ama-alabak, ama-semeak, ahizpak eta bikoteak, hainbat instrumenturekin.
Ostegunean, berriz, musika eskolako aretoan, gitarra ikasleek beraien entzunaldia eskainiko dute, 18:30ean hasita. Jarduera hauek ikasleek ikasturtean zehar egindako lana erakusteko balio dute.
Bien bitartean, Juan Antxieta musika eskolako arduradunak datorren ikasturtea prestatzen ari dira jada. Horretarako, 2026-2027 ikasturterako matrikulazio epea zabaldu dute. Ikastaroetan izena eman edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 656 00 80 40 telefono zenbakira deitu edo antxieta@antxieta.eus helbide elektronikora idatzi dezakete. Musika eskolak ordutegi zabala du: astelehenetik ostegunera 10:30etik 18:30era, eta ostiraletan 09:30etik 12:30era.




