Laudioko JEZ Voestalpine enpresaren lantegiak mendeurrena ospatu du gaurko ekitaldi garrantzitsu batean. Bertan izan dira Imanol Pradales Lehendakaria, Mikel Jauregi Industria Sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia, Ainize Gastaka Laudioko alkatea, Iñigo Martinez zinegotzia eta Juan Antonio Sanchez Corchero SEAko presidentea, besteak beste, baita hedabide ugari ere.
Goizeko 12:00ak aldera heldu da Laudiora Imanol Pradales, eta lantegiko ekoizpen toki nagusiak bisitatu ondoren, ekitaldi publikoa hasi da. Helmut Kreiter, Voestalpine taldeko ordezkariak, gogoratu ditu 1990eko hamarkadako krisi garai latzak, non "%15eko interesak ordaintzen genituen", baina egoerak hobera egin zuela nabarmendu du, eta 2000ko hamarkada oso ontzat jo du.
Kreiterrek azpimarratu du egindako lanari, inbertsioei eta ibilbideari esker JEZ Voestalpine munduko trenbide hornitzaile nagusia bilakatu dela. Europako etorkizunari begira, nazioarteko krisialdiak eta aliatu historikoen aldaketak aipatu ditu, eta kontinenteak bere balioak, hala nola "demokrazia liberala", defendatzeko prest egon behar duela ohartarazi du.
Imanol Pradalesek eta Kreiterrek bat etorri dira nazioarteko egoerak Europa neurri estrategikoak hartzera behartu duela esateran, eta trenbideen industria indartu behar dela azpimarratu dute. Kreiterrek europartasuna indartzeko beharra nabarmendu du, eta JEZ Voestalpine industria estrategiko gisa kokatu du.
Ondoren, Urtsa Erraztik, konpainiaren sortzaile familiaren ordezkariak, bere familiaren historia kontatu du. Senideek 1926an abiatu zuten konpainia, eta gerra ostean Frankismoak fabrika inkautatu zuen. 1990ean, egoera kritikoan, Urtsa Erraztik ardurak hartu zituen, eta mundura irekitzeko beharra ikusi zuten. Voestalpine taldearekin bat egiteak, bereziki haien gaitasun finantzarioaz baliatzeko, emaitza onak ekarri dituela adierazi du.
Erraztik harrotasunez adierazi du bere familiako laugarren belaunaldia lanean ari dela enpresan, eta 26 senidek egiten dutela lan bertan. Euskal Herriko Iparraldean irekitako MCA enpresa aipatu du, bere familiaren erbestearen ondoren amets bat betetzea izan dela esanez. 2019an, familiaren ardurak Voestalpine-ri pasa zitzaizkion %100ean, eta Erraztiren aburuz, proiektua esku onenetan geratu da.
Imanol Pradales Lehendakariak itxi du ekitaldia, JEZ Voestalpine eta trenbidearen industria "Euskal Herriko oinarri industrialetako bat" direla azpimarratuz. Europa egoera berri baten aurrean dagoela eta trenbideen jarduera ekonomikoa ezinbestekoa dela planteamendu horretan adierazi du, eta EAEk planen barruan aintzat har dezaten eskatzen ari direla gaineratu du.
Hizlarien eskerren ostean, ekitaldi instituzionala amaitu da, eta hamaiketakoa dastatzeko aukera izan dute bertaratutako guztiek.




