Ertzaintzak 36 urteko gizon bat atxilotu du, Iurretako Smurfit Kappa Nervión papertegian joan den ostiralean izandako sutean ustez parte hartzeagatik. Atxilotuak enpresarekin lan-harremana duela dirudi, Ertzaintzak egindako ikerketaren arabera. Sute bidezko kalte-delitu bat leporatzen zaio, eta ikerketa irekita dago oraindik, beraz, ez da ekintza gehiagorik baztertzen.
Sutea joan den ostiralean piztu zen, Smurfit Kappa Nervión plantaren kanpoaldean, zaku eta poltsetarako pasta ekoizten duen enpresan. Bizkaiko Suhiltzaileek jakinarazi zutenez, kanpoaldean pilatuta zeuden berrogeita hamar bat paper-bobina sutan hasi ziren, urrutitik ikusten zen ke-laino trinko bat sortuz.
Sua 17:30 ak pasata piztu zen, eta N-634 errepidea bi noranzkoetan moztu behar izan zen, garren tamaina zela eta. Iurretako eta Basauriko suhiltzaileek gauerdia pasata arte lan egin zuten sua itzaltzeko. Sutea gertatu zenean, enpresako langileak plantan zeuden, baina inork ez zuen mediku-laguntzarik behar izan.
Smurfit Kappa Nervión enpresak urtean 160.000 tona Kraft paper ekoizten ditu tokiko pinu-egurretik abiatuta, %100 berriztagarria eta ziurtatua. Paper hori eguneroko erabilera askotan dago presente, hala nola eraikuntzako materialen zakuetan, pentsuetan, irinetan, supermerkatu-poltsetan, ontzietan eta beste industria-aplikazio batzuetan. 240 pertsona baino gehiago enplegatzen dituen enpresak bi paper-makina ditu, biomasa bidezko kogenerazio bat, kontsumo propioaren %75 baino gehiago sortzen duena, eta 50 herrialde baino gehiagotan banatutako 300 bezero baino gehiago ditu.




